Igo
  • 2020/02/06

25 urtetik gorako autoen artean historikoak direnek soilik jasoko dituzte zerga onurak

Trakzio mekanikoko autoei buruzko ordenantzari udalbatzak urrian egindako aldaketak indarrean dira dagoeneko. Ondorioz, hemendik aurrera, 25 urte baino gehiago dituzten auto guztiek ez dute jasoko zerga onura; onurak jasotzeko, historiko gisa izendatuta egon beharko dute autoek.


Orain arte, 25 urtetik gorako autoek ez zuten zergarik ordaindu beharrik Galdakaon; %100eko zerga onura zuten guztiek. Irizpidea kontraesankorra zen, ordea. Izan ere, gehien kutsatzen duten autoak dira zaharrenak, eta ingurumena zaintzearen aldeko neurriak hartzea erabakia du udalak.


Horregatik aldatu zuen ordenantza udalbatzak urriko bilkuran, eta hemendik aurrera, historiko gisa aitortuta dauden autoek soilik jarraituko dute %100eko onura jasotzen. Gaur egun 68 dira Trafikoko erroldan ibilgailu historikoen zerrendan jasota dauden Galdakaoko autoak.


25 urte baino gehiago dituzten gainontzeko autoek -beste 464 daude Galdakaon izen emanda- zergak osorik ordaindu beharko dituzte, gainontzeko ibilgailu arruntek bezala.


Bestalde, onurak eskatzeko epea ere mugatu da, udalbatzak hala onartuta. Kudeaketa hobetzeko helburuz hartu da neurria. Urteko likidazioak egin aurretik jasotzen ziren eskaera guztiak urte horretan bertan kontutan hartzen ziren orain arte. Horrek, ordea, nahasmen handiak eragiten zituen ordainketa eta itzulketetan, eta beraz, sistema aldatzea erabaki da. Hemendik aurrera, urtea amaitu aurretik egin beharko dira eskaera guztiak, onurak hurrengo urtean ezar daitezen. Urtea amaitu ondoren aurkeztutako eskaerak ez dira urte horretan bertan aintzat hartuko.