Igo
  • 2021/06/04

2022rako aurrekontu parte hartzaileen prozesua martxan da: 25 proposamen landu eta horien artean aukeratuko dute herritarrek

Galdakaoko herritarrek udal politiken diseinuan, erabakian, betearazpenean eta jarraipen zuzenean parte hartzeko prozedurarik adierazgarrienetako bat martxan du Galdakaoko Udalak, hirugarrenez: aurrekontu parte hartzaileak. Dagoeneko lantzen ari dira 2022rako kontuak, eta herritarrekin egiten ari da hori: aurrekontu parte hartzaileen bidez. Herritarrek, udal teknikariek eta udal ordezkariek osatutako talde eragilea lanean ari da maiatzetik, ekaina proposamenak herritarren artean arloka lantzeko hilabetea izango da, eta uztaila, erabakitzekoa.

Aurreko bi aldietako prozesuarekiko desberdina izango da oraingoa. "2022ko aurrekontuak egiteko, aurreko bi prozesuetako ikaskuntzetatik abiatu gara, eta erronka berri batzuk fikatu ditugu: eztabaidan sakontzea, aurretik emandako ideiak txertatzea, proposamenetan sakontzea eta 16 urtetik beherakoen proposamenak txertatzea", azaldu du Maite Arandia Ogasun zinegotziak udaletxean egindako prentsaurrekoan.

"Parte hartzeko informazioa behar da, informazio ona eta ulergarria, eta hori da aurtengo prozesuaren gako nagusietako bat: proposamenen gainean sakonki lan egitea, proposamenei buruzko informazioa ematea eta miniproiektuak sortzea", adierazi du. Horixe izango da, hain zuzen, aurtengo prozesuaren desberdintasun nagusia: herritarrek ideia bakoitza landu eta proposamen osatuak egin ahal izango dituzte, aurreko urteetan jasotako eskaeretan oinarrituta. Parte hartzean sakonduko da horrela.

Aurreko bi urteetan ehunka proposamen jaso dira eta herritarrek horien artean aukeratutatutakotik asko gauzaturik edo gauzatze bidean dira. 2020ko aurrekontuetarako hartutako konpromisoen %50 kontratazio eta exekuzio faseen artean daude, eta % 16 amaituta. 2021eko aurrekontuetarako hartutako konpromisoen %72 kontratazio eta exekuzio faseen artean daude.

"Aurten, parte-hartzean sakontzeko erronka jarri nahi izan dugu eta, horretarako, proposamenen xehetasunetan gehiago sartuko gara. Oraingoan, beraz, horien inguruan eztabaida zabaldu nahi dugu proposamenei mami gehiago emateko. Gure herritarren jakintza eta eskarmentua aprobetxatu nahi ditugu proposamenak aberastu eta hobetu ditzaketen ideiak emateko", azaldu du aurtengo prozesuaren gainbalioa Olaia Parra Parte Hartzerako zinegotziak.

Bide horretan, orain arte egindako lanketa azaldu du: 2019 eta 2020ko fase teknikoan baztertutako 618 proposamenen zerrendatik 87 aukeratu dira hainbat irizpideren arabera, besteak beste, exejuziorako 200.00eurotik gorako aurrekotua behar zutenak.

87 proposamen horietatik 25 aukeratu dira. Horretarako, maiatzaren hasieran prozesuaren Talde Eragilea sortu zen, hau da, herritarrek eta udal ordezkariek osatutako taldea. Horrek hainbat aste daramatza lanean aurreko urteetako proposamenen zerrenda luzetik 25 proposamen hautatu eta gaika multzokatzeko. Multzo hauetan banatu dira proposamenak:

- Hirigintza

- Mugikortasuna, jasangarritasuna eta ingurumena

- Kultura eta kirola

- Aisialdi hezigarria eta jasangarria

Proposamenen zerrenda hautaketa-irizpideen inguruko eztabaida-prozesu baten eta ondorengo akordio baten emaitza izan da: auzoen arteko oreka, helburu adin taldeak, genero arrakalean eragina, kolektibo behartsuetan inpaktua eta premia.

Proposamen horien inguruan eztabaidatu eta proiektuak elkarlanean garatu eta hobetzeko, bina saio egingo dira arloka. Udal ordezkari eta teknikariek herritarrekin landuko dituzte proiektuak, eta bertan parte hartzeko gonbidapena egiten die Udalak herritarrei. Honakoak dira eztabaidarako proposamen eta datak:

📆 Ekainaren 14 eta 28an, 19:00etatik 21:00etara, Udaletxean

Hirigintza

- Máximo Morenoko parkea egokitu

- Herriko gune ilunak hobetu

- Elexalde auzoan esku hartu aisialdi gune bihurtzeko

- Parkeak berriztatu

- Telefonikaren eraikina berrerabili

📆 Ekainaren 14 eta 28an, 19:00etatik 21:00etara, Aperribaiko liburutegian

Mugikortasuna, jasangarritasuna eta ingurumena

- Olabarriko oinezkoentzako sarbidea hobetu

- Olabarrietako orubea berreskuratu

- Txirrindularen erabilera sustatu

- Bidegorria Ibaizabalen inguruan

- Oinezkoentzako bidea Torrezabalgo zubia eta Bekea lotzeko

📆 Ekainaren 15 eta 29an, 19:00etatik 21:00etara, Torrezabalen

Kultura eta kirola

- Aperribaiko dorretxea erosi eta erabilera eman

- Kulturarako lokal gehiago

- Udal museoa

- Running-erako ibilbideak

- Haur eta gazteentzako kirolerako espazioak

📆 Ekainaren 15 eta 29an, 19:00etatik 21:00etara, Txapelenan (Usansolo)

Herritartasuna eta gizarte kohesioa

- Dinamizatzaile bat Aperribai auzorako

- Adinekoentzako laguntzak

- Guraso eta familientzako laguntza

- Udal-lokalak aprobetxatu erabilera orduz kanpo

- Adinekoentzako etxez-etxeko janari-zerbitzua

📆 Ekainaren 16 eta 30ean, 19:00etatik 21:00etara, Torrezabalen

Aisialdi hezigarria eta jasangarria

- Arantzelaiko gunea egokitu

- Karpa egonkorra

- Urtebietako sarbidea eta argiteria hobetu

- Adinekoentzako jolasak eta zirkuituak

- Parkea Bengoetxen

Unai Amezaga Parte Hartzerako udal teknikariak eman du prozeduraren berri: "Aukeratu ditugun proposamenen inguruan elkarrekin eztabaidatu, garatu eta hobetzera gonbidatu nahi ditugu galdakaoztarrak. Helburua da proposamen bakoitza proiektu txiki bat izatea, bozketa ahalik eta informazio osoenarekin egin dadin".

Talde bakoitza bi aldiz bilduko da. Lehenengoa ekainaren 14tik 16ra, eta bigarrena ekainaren 28tik 30era. Eztabaidaren lehenengo eta bigarren saioaren artean, udaleko teknikarien berrikusiko dituzte proiektuak. Teknikoki bideragarriak direla baieztatu ondoren iritsiko da botaketarako ordua.

Aforo mugatuak daudenez, bileretan parte hartzeko intereseko gaia edo gaiak aukeratu behar dira ekainaren 11 baino lehen, honako modu hauetan: partaidetza@galdakao.eus helbidera mezu bat idatziz, 688.830.479 (Whatsapp edo Telegram) telefonora mezu bat bidaliz edo www.galdakao.eus/aurrekontu-parte-hartzaile helbidean dagoen formularioa betez. Eskaera mezu bidez eginez gero, honako datuak eman beharko dira: izen-abizenak, telefonoa eta parte hartu nahi duzun taldea edo taldeak. Bileretan parte hartzeko inolako laguntzarik behar izatekotan (mugikortasun arazoak, zailtasun kognitiboak, zentzumen-arazoak, haurtzaindegi zerbitzua.), hori ere adierazi behar da.

Ondoren, uztailaren 5etik 11ra bitartean, proposamenen eduki osatuak ezagutzera emango dira eta uztailaren 12tik 25era bitartean bozkatuko dira. Aurten proiektuak osatuagoak izanda milioi bat euroko gerturatuko direla pentsatzekoa da, eta beraz, proiektu bakarra aukeratuko dela. Irailean ezagutuko da zein izango den egitasmo hori, eta aurreikusitakoa baino inbertsio txikiagokoa hautatzen bada, osatu egingo da edo beste proiektu bat ere gauzatzea erabakiko da.