Igo
  • 2022/05/03

2022ko udaberriko egitaraua aurkeztu du Sormenek; maiatzaren 12an hasiko da

Sormenek, Galdakaoko sormenen plazak, aurkeztu du udaberrirako antolatu duen egitaraua; egitarau aberatsa, erakargarria, euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzeko oinarriak jartzea helburu duena eta emakumea erdigunean duena.

2021ko Sormenek ohartarazi zuen bere lau lan-ildoetatik (sormena-plazak-komunikazioa-transmisoa) euskarazko kulturgintzaren transmisioa dela premiarik larrienak dituena. Hortaz, euskarazko kulturgintzaren transmisioa elkar elikatzen duten eta elkar gurutzatzen diren bi ildotan lantzen dugu:

  • Kultur adierazpide guztietako euskarazko kulturgintzaren historia eta oraina transmituz.
  • Euskarazko sortzeko grina transmitituz.

Abiapuntu eta helburu horiekin pentsatu eta antolatu ditugu 2022ko udaberrirako edukiak eta egitaraua. Euskaraz sortzeko grina sustatu, irakatsi eta transmititu gura dugu gaur egun euskaraz sortzen ari direnak zer eta nola sortzen ari diren erakutsita. 

 

Ekosistemako eragileekin elkarlanean

Sortu ginenetik azpimarratu dugu kulturgintza ekosistema gisa ulertzen dugula, ekosistema horretako eragileok elkarlanean eta sinkronizaturik aritu behar dugula euskarazko kulturgintzaren erronka nagusiari erantzuteko: kulturzaleak sortzea.

2022an honako eragileekin ari gara elkarlanean:

  • Galdakaoko ikastetxeekin: Antzerki eta musika tailerrak
  • Udalbiltzarekin: Geuretik Sortuak egitasmoaren baitako antzezlan bat eta liburu aurkezpen bat.
  • Ahotsenearekin eta Literaturiarekin: 2022ko euskarazko liburu eta disko berrien aurkezpenak.
  • Argitaletxe, disketxe, idazle eta musikariekin: Kultur Sorkuntzen Azoka
  • Galdakaoko Musika Banda, Txistulari Banda eta Musika Eskolako Maximo Moreno Abesbatzarekin: Juan Karlos Irizarri konpositore eta zuzendariari omenaldia.

Urteetan euskaraz sortzen ari direnei eta bidea egiten hasi direnei plaza eskaini diegu belaunaldi berriek ereduak izan ditzaten eta transmisioan eragile nagusi diren hezitzaileek zer transmititu jakin dezaten. 

Honako eduki eta egitaraua 2022ko udaberriari dagozkio. Udazkenean beste agerpen publiko bat egingo dugu. Bitartean, egunero egingo dugu lana Sormene euskarazko kulturgintza bizi, ulertu eta lantzeko proposamen bat baita, lanketa iraunkor eta etengabea eskatzen duena.

 

Edukiak eta egitaraua egunez egun

Maiatzak 12, osteguna / Kurtzeko plazan

▶️ 10:15 eta 12:00etan: Tailerrak ikastetxeentzat: Antzerkia. Formol Laborategia

▶️ 20:00etan: Antzerkia. Bidaide. Metrokoadroka konpainia
Geuretik Sortuak egitasmoarekin elkarlanean.

Maiatzak 13, ostirala / Kurtzeko plazan

▶️  10:15 eta 12:00etan: Tailerrak ikastetxeentzat: Musika. #Mauriziakezdauinorhil. Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador.

▶️  18:00 eta 20:30: Disko berrien aurkezpenak Ahotsenearekin elkarlanean. 30 minutuko saioak. 

▶️ 21:00etan: #Mauriziakezdauinorhil ikuskaria. Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador

Maiatzak 14, larunbata / Kurtzeko plazan

▶️ 11:00-14:30: 
Kultur Sorkuntzen Azoka. Azokako karpa barruan.


▶️ 12:00-14:30 Liburu berrien aurkezpenak, Ahotsenearekin elkarlanean, karpan. 30 minutuko saioak.

▶️ 17:00-20:30:
 Kultur Sorkuntzen Azoka. Azokako karpa barruan.


▶️ 18:00-22:00: 
Disko berrien aurkezpenak Ahotsenearekin elkarlanean. 30 minutuko saioak.

Maiatzak 15, igandea / Kurtzeko plazan


▶️ 13:30ean: Irizarren izarrak. Juan Karlos Irizarri omenaldia
Da Capo, Galdakaoko Musika Banda
Ad Libitum, Galdakaoko Txistulari Banda
Maximo Moreno Musika eskolako abesbatza

Maiatzak 27, ostirala / Torrezabalen


▶️ 11:30ean
: Album antzezlana ikasleentzat. Formol Laborategia antzerki konpainia.

▶️ 20:00etan
: Album antzezlana publiko ororentzat. Formol Laborategia antzerki konpainia

ℹ️ Informazio gehiago: www.sormene.eus