Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

2022ko Euskaren Nazioarteko Egunerako Adierazpena

Euskara   2022/12/03

Galdakaoko Udaleko talde guztiek, PSEk izan ezik, hurrengo Adierazpena onartu dute 2022ko Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta:

 

Euskararen herria gara, zazpi lurraldetan zehar euskaratik eta euskaraz bizi garen XXI. mendeko hizkuntza komunitatea. Biziraupena gaindituz erronka handiak ditugu osasuntsu, moderno, eraginkor eta indartsu garatzen joateko.

Herri mugimendua izan da, eta izan behar du, euskararen normalizazioaren oinarri eta bidelagun. Eta erakunde publikoei dagokigu herritarren hizkuntza eskubideak bermatu eta bermatu araztea.

Euskaltzale eta ekintzaile askoren ahaleginak ez dira alferrikakoak izan eta euskara orain dela 50 urte baino hobeto dago, hobeto baina ez aski. Izan ere, euskara ez baita hizkuntza normalizatua izango gure lurralde guztietan hizkuntza ofiziala ez bada. Eta hizkuntza ofiziala izatearekin batera, hizkuntza eskubideak eremu orotan bermatuak ez diren bitartean.

Ezin ukatu, azken urteotan lortu dugula aurrera urrats esanguratsuak egitea. Egun, inoiz ez bezala euskaldunok berariazko erakundeak dauzkagula Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, alde batetik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bestetik, eta Nafarroa Garaian, azkenik. Baina ez daukagu hizkuntza politika bateraturik, eta euskara ez dugu hizkuntza ofiziala Euskal Herriko lurralde guztietan.

Zazpi lurraldeetan ordea euskaraz eta euskaratik bizi ahal izateko zailtasunak egon badaude. Ofizialtasunetik hasi, eta honen karian hezkuntzan, osasunean administrazioan edota eguneroko eremu edozeinetan, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuak izateko unean.

Hego Euskal Herriko lurraldeetan ere bada arazorik, azken kale neurketek zein azterketa soziolinguistikoek ez ezik, izaten ari diren euskararen kontrako epaitegiratzeek agerian uzten dutenez. Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen Euskararen legeak dagoeneko 40 urte bete ditu gainera, ezinbestean egungo errealitate soziolinguistikoari erantzuteko eguneratzea eskatzen duelarik.

Euskararen estatusa ez dago unerik osasuntsuenean, eta honek ezinbestean marko legislatibo berriak eraiki eta estrategia ausartak aktibatzera behartzen gaitu. Herri mailako erronka dugu honakoa, euskararen erabilera ahalbidetzeko ekosistemak eraikitzeko: hezkuntzan, ingurune digitalean, lan eremu pribatuan, administrazioa osatzen duten eremu guztietan, komunikabideetan.

Oraindik orain ez dakigu gure hizkuntzaren egoera noraino okertuko den. Hori horrela, beharrezkoa da aztertzea hizkuntza egoerak jasandako kalteak zeintzuk eta zenbatekoak diren. Bizirauteko zorian dagoen komunitate izatetik, osasuntsu bizi den hizkuntza komunitate izatera igarotzeko.

EUSKARALDIAK asmo honi erantzuten dio neurri batean, Euskaltzaleen Topaguneak abiatutako proposamenak, ehunka elkartek babestuak, eta milaka herritarrek bultzatuak.
Haize berriek ekarritako erronka berriak ditugu gurean ordea, euskal jendartea urte hauetan zehar aldatu baita; horregatik behar eta egoera berriei erantzun ez ezik, hauei erantzuteko estrategiak aktibatu beharrean gaude: izan teknologia berrien zein adimen artifizialaren erronkei erantzuteko, gure gizartearen errealitate eta behar berriei egokitzerakoan, edota mugimendu migratorioen erronkei erantzuteko unean ere.

Horregatik, guztiagatik, aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunari begira euskararen hiztun ekosistema osatzen dugun guztiok, hizkuntzaren biziberritzeko konpromisoa eguneratu eta indartu behar dugu. Ildo horretatik euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak eta euren osotasunean garatuak izan daitezen, eragile guztiok ahaleginak eta bi egin behar dugu. Konpromiso zehatzak hartuz, egungo eta etorkizuneko erronkei zintzoki erantzuteko.

Beraz 2022ko Euskararen Nazioarteko Egun honetan, gutako bakoitzak, gure eragin eremutik, elkarlanean, eraginkortasunean, adostasunean, euskara indartu, berritu eta biziberritzeko konpromisoa hartzen dugu.