Igo
  • 2021/05/03

2022ko aurrekontu parte hartzaileetan lan egingo duen talde eragilean izen emateko deialdia zabaldu du Udalak

Galdakaoko Udaleko Parte hartze alorrak herritarrentzako deialdi bat egin du, 2022ko aurrekontuen parte hartze prozesua dinamizatzeko sortuko den talde eragileko kide izan nahi dutenek izen eman dezaten. Izena emateko epea ostirala arte egongo da zabalik; maiatzaren 7ra arte.


Talde hori sortzearen helburua da herritarrek prozesu horren diseinu, jarraipen, dinamizazio eta ebaluazioan zuzenean parte hartuta, herriarekiko erantzukizun partekatua sustatzea. Hain zuzen, udal gobernuak partaidetza udal politikaren erdigunean jartzeko egin duen apustuaren barnean kokatzen da neurri hau ere. Izan ere, prozesuko zereginetan aritzeko aukera herritarrei irekitzea parte hartzearen sakonean pauso bat gehiago ematea da.


Taldea 16 urtetik gorako 12 kidez osatua egongo da. Horiei Udaleko 4 ordezkari politiko eta tekniko gehituko zaizkie. Iazko talde eragilean parte hartutakoei gonbita zuzena egingo zaie orain arte erakutsitako konpromisoa eskertzeko. Gehienezko partaide kopurura iritsi arte zozketa egingo da izena eman duten herritarren artean. Adin, sexu zein auzoen araberako zozketa izango da, ahal den neurrian, taldearen aniztasuna bermatzeko.


Talde eragileko kideoi gutxieneko konpromisoa eskatuko zaizue, hau da, hiru lan saiotan parte hartzea: maiatzaren 12 eta 26an eta ekainaren 9an, eta beste bat irailaren amaieran, prozesua ebaluatzeko. Bileren ordutegia partaideen artean adostuko da. Hortik aurrera, nahi duenak eztabaiden dinamizazioan edo bestelako zereginetan ere parte hartzeko aukera izango du.


Taldeko kide izateko prest daudenek hainbat bide dituzte izena emateko:  partaidetza@galdakao.net helbidera mezu bat bidaliz, 944010583 telefonora deituz edo http://bit.ly/Talde_eragilea_2021 helbidean dagoen formularioa betez. Telefonoz edo postaz izena emanez gero, honako datuak eman beharko dira: izen-abizenak, helbidea (auzoa adierazi behar da), telefonoa, helbide elektronikoa, adina eta sexua. Talde eragilean parte hartzeko inolako laguntzarik behar izatekotan, hori ere adieraztea komeni da.


Animatu, eta eman izena!