Igo
  • 2020/11/16

2021erako aurrekontua 4 milioi euro txikiagoa izan arren, gizarte zerbitzuetara zein sustapen ekonomikora bideratutako partidak handitzea oinarri duen proposamena egin du udal gobernuak

Galdakaoko udal gobernuak 2021eko aurrekontuetarako proposamena aurkeztu du. Diru sarrerak nabarmen txikituko direla aurreikusita landutako kontuak dira: zehazki, azken aurrekontuetan baino 4.238.867 euro gutxiago bilduko direla aurreikusten da (%11,29 gutxiago). Ondorioz, 33.313.975 eurokoa izango da 2021erako aurrekontua. Hala ere, pertsonak erdigunean jarri, eta gizarte zerbitzuetara, sustapen ekonomikora eta hezkuntzara bideratutako baliabideak areagotzeko apustua egin du udal gobernuak. Egoera berrira egokitzeko eta herritarrekiko harreman behar berrietara moldatzeko, informatikari dagokion partida ere handituko da, instituzioa modernizatzeko oinarriak ipini eta zaharkituta dagoen sistema eraginkor bihurtzeko helburuz. Oposizioak jasoa du proposamena, datozen egunetan bilduko da udal gobernua oposizioko talde bakoitzarekin haien ekarpen eta proposamenak batzeko, eta abenduaren 2an egingo da aurrekontuak onartzeko osoko bilkura, ez ohiko deialdian.


Pertsonen beharrak asetzea helburu hartuta, gizarte zerbitzuetarako partida %8,64 handitzea proposatzen duten kontuak aurkeztu dituzte Maite Arandia Ogasun zinegotziak eta Iņigo Hernando alkateak, udal gobernua osatzen duten talde guztietako ordezkarien babesarekin. Partida horren barruan batzen dira, esaterako, 48.000 euroko partida bat, bakarrik bizi diren adineko pertsonentzako programentzako. Gizarte laguntzei bideratutako diru kopurua 315.000 eurotan handitzea ere proposatzen du. Sustapen ekonomikoari dagokionean, bertako merkataritzari eskaintza bide berriak erraztuta bultzada emateko helburua duen digitalizazio programarako, adibidez, 70.000 euro inbertitzea proposatzen da.


Hezkuntza eta lekuan lekuko kultura udalerri sendo baten ikur direlakoan, euskararen partidak zein hezkuntzakoak igoera izango dute; %26,72ko igoera hezkuntzak (23.891 euro gehiago) eta %7koa euskarari dagokionak (46.712 euro gehiago). Azken atal horretan bilduta dagoen Sormene euskal sortzaileen azoka mugarri berri bat izango da aurrera begira.


"Modernizazio eta digitalizaziorantz doan errealitate batean gaude administrazioetan, eta, jakina, gure udalean ere bermatu behar dugu hori", azaldu du Arandiak informatikak aurrekontuetan hartutako indarra. "Digitalizazio eta garapen elektroniko horrek herritarrekiko komunikazioa hobetu behar du, herritarrei entzun eta erantzun behar die, eta zerbitzu ona emango dien sistema garatu eta egonkortu". Helburu horri begira handitu da partida %51,65 (65.311 euro).


Berdintasunaren arloko aurrekontuaren kopurua egungoaren antzekoa izango da, baina parekidetasunaren bidean urratsak egiteari begira, alor batzuk indartuko ditu: formazioak garrantzia handia izango du, eta Emakumeen Etxea izango denaren oinarriak parte hartze prozesu baten bidez zehaztuko dira.


Garapen jasangarriaren bidean, klima aldaketari aurre egin eta udalerri osasuntsua izateko, hiru ekintza ildo izango dira nagusi: energia, mugikortasuna eta ingurune berdeak. Mugikortasun planak garrantzia berezia hartuko du aurrera begira.


Parte hartzea udal gobernu honen izaeran txertatuta dago. Hainbat alor landu eta erabakiak hartzerakoan, herritarrengana jotzeko apustua egina du gobernuak. Nolakotasun horren jardun adierazgarriena (baina ez bakarra) aurrekontu parte hartzaileena da. Datorren urteko diru sarrerak nabarmen txikiagoak izango direla jakin arren, gobernu honek, iaz bezala, aurrekontuetatik milioi bat euro zertara bideratu erabakitzea herritarren esku utzi du. Emandako hitza beteta, herritarrek prozesu parte hartzailean aukeratutako proiektuak gauzatzera bideratuko du inbertsioei dagokien partida ia ia guztia: 1.121.381 eurotik 1.000.000. "Guk beste hainbat asmo ere bagenituen baina bazterrean utzi ditugu herritarrek eskatu dutena betetzeko", azaldu du Iņigo Hernando alkateak.


Krisiak eragindako egoera zail honetan herritarren beharrak asetzera eta gizarte zerbitzuak indartzera begirako partidak handitu ahal izateko, beste partida batzuk txikitu behar izan dira. Alkatetzak %27,14ko jaitsiera izango du, adibidez; jaiek %57,34koa; Ondare eta Ogasunak %10,59koa; eta Hirigintzak %5ekoa. Hain zuzen, Hirigintzan murriztutako kopuruak ehunekotan handia ez dirudien arren dirutan jaitsiera handiena duen arloa da, bere nolakotasunagatik diru kopuru handiak mugitzen baititu: 494.250 euro gutxiago aurreikusi zaizkio.


Aurkeztutako aurrekontu proposamena aurreko astean jaso zuten oposizioko talde guztiek eta datozen egunotan hasiko ditu gobernuak bilerak bakoitzarekin, horien proposamen eta ekarpenak jaso, eta adostasunak lantzeko.


Kontuak onartzeko osoko bilkura abenduaren 9an izango da, ez ohiko saioan.