Igo
  • 2021/04/20

2021ean ohiko terrazen tasarik ez dute ordaindu beharko tabernek eta handitzeen kasuan, erdia soilik ordainduko dute

Ostalaritza negozioei iritsi zaie momentua kanpoko mahai eta terrazak ipini ahal izateko lizentziak eskatzeko: urtero bezala, apirilean tramitatu behar dituzte urte osorako terrazen eskaerak. Aurten, halere, izango dira aldaketak: ostalaritza igarotzen ari den une zail hauetan ahal duen laguntza emateko erabakia hartua du Galdakaoko Udalak, eta ondorioz, hainbat tasa ordaintzetik salbuetsita egongo da. Zehazki, ohiko terrazen tasarik ez dute ordaindu beharko taberna eta jatetxeek 2021ean, eta salbuespen egoera dela eta baimendutako terrazen kasuan, dagokien tasen %50 soilik ordaindu beharko dute.


Ohi bezala, terrazak jartzeko eskabideak apirilean derrigor egin behar direla gogoratu nahi du Udalak; ordaindu behar izango ez diren lizentziengatik ere tramitatu behar dira lizentziak apirilean. Hala egiten ez dutenak terraza ipintzeko eskubidetik kanpo geratuko dira automatikoki.


Eskaera orria beteta egin behar da eskabidea. Pertsona fisikoek egoitza elektronikoaren bidez egin ahalko dute eskaera edo bestela Esan herritarren arretarako zerbitzuan aurrez aurre bete ahalko dute eskaera orria (hitzordua eskatu behar da lehenago 94 401 05 00 zenbakira deituta). Udalaren web orriaren bidez ere tramitatu daiteke eskaera (www.galdakao.eus webgunean sartu, Tramiteak bannerrean klikatu, eskumaldean goian Area.Aukeratu atalera joan, Hirigintza aukeratu, eta 3.12 Terrazak eta mahai hankabakarrak ezartzeko baimena puntuan jaso ahalko da tramiterako dokumentua). Pertsona juridikoek egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dute tramitazioa ezinbestean (Terrazak eta beladoreak jartzeko lizentzia atalaren bidez).


Likidazioa azaroan egingo da, ohi bezala; orduan ordaindu beharko dira terrazei dagokien tasak. Baina aurten ohiko terrazengatik ez da tasarik ordaindu beharko eta handitzeei dagokien tasen erdia ordainduko da.


Kuoten ordainketekin egunean ez dauden establezimenduek ezingo dute terrazen handitzea eskatu.


Bestetik, Udalak gogoratzen du zaborrei dagokien tasa ere ez dutela ordaindu beharko ostalariek 2021eko lehen sei hilekoan.