Igo
  • 2021/12/16

1938an Jakan fusilatu zuten Pedro Asua galdakoztarraren gorpuzkiak deshobiratzeko elkarlanean aritzeko prest azaldu dira Galdakaoko alkatea eta Jakakoa

Pedro Asua Zubiaur galdakoztarra 21 urterekin hil zuten Jakan, 1938ko otsailaren 7an, tribunal militar batek epaitu ondoren. 1916an Elexalden jaioa, 1936ko gerra hasi eta berehala boluntario joan zen frontera. 1937ko ekainan Bilbo frankisten esku erori zenean gatibu hartu, eta langileen batailoi batera eraman zuten bortxazko lanak egitera, Jakara. Salaketa bat tarteko, tribunal militar batek epaitu, heriotz zigorra ezarri, eta 1938ko otsailaren 7an fusilatu zuten Jakan bertan, hilerri ondoan. Fosa batean lurperatu zuten, izenik gabe.

Familiak bazekin hil zutela, baina askoz gehiagorik ez. 2005ean, osaba boluntario joan zela eta Jakan fusilatu zutela jakin zuen Josu Larrea iloba txikiak. Paco Etxebarria auzi medikuarekin harremanetan jarri, eta ikertzeari ekin zion. Ordutik ez du atsedenik hartu, baina lanak eman ditu fruituak: badaki, zehaztasun osoz, non dagoen lurperatuta.

Udalarengana laguntza eske jo zuen Larreak, eta Galdakaoko Udala martxan jarri zen. Senideari babesa agertu, eta gorpua berreskuratzeko hainbat ekinbide abiatu zituen. Izan ere, gorpuzkiak exhumatu eta Galdakaora ekartzea da familiaren nahia.

Bide horretan, hainbat urrats egin ditu dagoeneko Udalak:

  • Historialari bat kontratatu zuen lanak dinamizatu eta Pedro Asuaren inguruan egin beharreko txostenak osatzeko.
  • Aranzadirekin kontratua egina du memoria historikoa berreskuratzeko helburuz, 1936ko gerratik gaur arte izan diren eskubide urraketen inguruko ikerketa egiteko. Asuaren inguruko auzian ere bidelagun du Aranzadi.
  • Jakako Udalarekin harremanetan jartzeko konpromisoa hartu zuen.

Konpromiso horri helduta, Jakara joan, eta hango alkatearekin bildu ziren hainbat ordezkari: Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Josu Larrea senidea, Ander Aperribai gaia lantzen ari den historialaria eta Kepa Lizarraga Galdakao Gogora elkarteko kidea. Juan Manuel Ramon Jakako alkatearekin batu ziren guztiak, eta ondoren, gobernuko beste hainbat zinegotzirekin ere egon ziren eta Asuaren gorpuzkiak dauden lekua ikusi zuten.

Emankorra izan zen bidaia: Pedro Asuaren exhumaziorako prozesua elkarlanean egiteko adostasuna eta prestutasuna azaldu zuten bi alkateek. Are gehiago, Juan Manuel Ramonek kontatu zuen nola Jakan 400 pertsona ingururen gorpuzkinak dituzten fosetan lurperatuta, eta Asuarena, gainontzekoen exhumazio prozesuak ere hasteko abiapuntua izan zitekeela adierazi zuen.

Galdakaoko alkateak Pedro Asuaren kasua amaiera arte eramateko konpromisoa hartu du; “hau da, herrira ekartzekoa”, adierazi du Jakako bidaiaren emaitzen berri emateko egindako prentsaurrekoan.

Josu Larreak, bere aldetik, senideek sentitzen duten poza azaldu du: “inflexio puntu batean gaude orain”. Horrenbeste urteko lanaren eta traben ondoren, auziak “kriston bultzada” izan duela sentitzen du, eta osabaren gorpuzkinak berreskuratzeko “aukera eta bermea” ikusten dutela.

Galdakaoko Udalari, alkateari eta Aperribai historialariari esker onak adierazi dizkio, eta baita Jakako Gobernuari, bertako alkate, zinegotzi eta langileei, “batez ere hilerriko langileei, oso gizatiarrak izan baitira eta asko lagundu baitigute”.

Orain, “borobila ixtea” desiatzen du Larreak; “osaba Pedroren gorpuzkiak bere herrira, bereak behar luketen lurretara” bueltatzea. Hain zuzen, Galdakaoko hilerria dagoen lur eremua berea zen.

Bide horretan, prozesuarekin aurrera jarraitzeko asmoa dute bi udalek, Aranzadiren laguntzarekin, eta Galdakaoko Udala ari da lanean: aurreko ostiralean Jakako Udalaren baimena jaso ondoren, kasuaren inguruko aurretiazko txostena bidali die bai Jakako Udalari eta bai Aragoiko Gobernuari, prozedurak agintzen duen bezala.

Urrats gehiago etorriko dira aurrerantzean, eta horren berri ematen jarraituko du Galdakaoko Udalak.