Igo
  • 2021/11/16

1938an fusilatu zuten Pedro Asuaren gorpuzkinak berreskuratzeko tramiteak abiatzeko eskatu diote Jacako Udalari familiak eta Udalak

22 urte zituen eta galdakoztarra zen. 1936ko gerran miliziano gisa borrokatu zen. Atxilotu, heriotza zigorrera kondenatu, eta fusilatuta hil zuten 1938ko otsailaren 7an. Jacan fusilatu zuten Pedro Asua Zubiaur, eta bertako hilerrian lurperatu zuten, fosa batean.
Urtetan egin dituen ikerketa lanei esker, familiak badaki non dagoen lurperatuta Asua, eta gorpuzkiak berreskuratu nahi ditu; lurpetik atera eta bere sorterrira ekarri. Galdakaoko Udalaren babesa jaso du familiak, eta elkarlanean aritzea adostu dute. Elkarrekin arituko dira gorpuzkiak berreskuratzeko helburuarekin.
Eta hasi dira tramiteetan: familiak instantzia bat aurkeztu du Jacako Udalean. Pedro Asuaren iloba txikiak, osaba zaharraren gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik ateratzeko tramiteak egiteko eskatu dio Jacako Udalari. "Aurrez egindako lanei esker, jakina da zein leku zehatzetan dagoen lurperatuta", azaldu du iloba txikiak eskaera orrian. "Familiaren nahia da gorpua berreskuratu eta bere sorterriko udal hilerrian, Galdakaokoan, lurperatzea".
Exhumazioa egin eta gorpuzkiak Galdakaora ekartzeko beharrezko tramiteak egiteko eskaera da familiak Jacako Udalari igorri diona. Aurrez ere Aranzadi Zientzia Elkartearekin harremanetan dagoela azaldu du ilobak, eta exhumaziorako beharrezko laguntza profesionala izango luketela.
Jacako alkatearekin bilera ere eskatu du familiak, egoeraren berri zehatza aurrez aurre eman eta egin beharreko tramiteak zehazteko.
Udala bidelagun izango dute Asuaren senideek eta Iņigo Hernando Galdakaoko alkatea harremanetan jarri da Juan Manuel Ramon Jacako alkatearekin. Gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik ateratzeko lanetan familiari laguntza eman diezaiola eskatu dio: "Urteak daramate gorpuzkiak berreskuratu nahian eta laguntza eskatu diote Galdakaoko Udal Gobernuari", azaldu dio Galdakaoko alkateak Jacakoari.
Galdakaoko Udala lan horretan arituko dela baieztatu du Hernandok, dagoeneko hasia dela zehaztuta: "Udal honek konpromisoa hartzen du Jacako Udalari eta biktimaren familiari beharrezko laguntza guztia emateko. Hori dela eta, Udalak historialari baten zerbitzuak kontratatu ditu proiektu hau gauzatzeko memoria historikoa berreskuratzearekin lotutako ekimenen barruan. Pentsatzen dut bi udalek partekatuko dugula memoria berreskuratzeko helburu hori".
Gauzak horrela, Hernando alkateak biktimaren familiarekin Jacara joateko eta hango alkatearekin biltzeko prestutasuna adierazi dio Ramon berari, kasua argitzeko elkarlanean aritu daitezela proposatuz.