Igo
  • 2021/06/23

1936tik gaur eguna arte Galdakaon izandako giza eskubide urraketak aztertuko ditu Aranzadik, udal talde guztien babesarekin

Galdakaoko Udalak akordioa egin du Aranzadi Zientzia Elkartearekin, 1936. urtetik gaur eguna arte herrian izan diren giza eskubideen urraketen inguruko azterketa egiteko. Udaleko talde guztien babesa jaso du ekimenak, eta guztiek hartu dute parte ikerketaren nondik norakoak azaltzeko agerraldian. Berebiziko garrantzia eman diote horri hitza hartu duten Iņigo Hernando alkateak eta Javi Buces Aranzadiko kideak.

"Galdakaon hainbat gertaera traumatiko eta tragedia izan dira; bortizkeria mota desberdinak eta larriak", adierazi du Iņigo Hernando alkateak akordioaren zergatia azaltzeko. Giza eskubideen urraketa guzti horiek batzea da akordioaren helburua, gertatu dena ezagutu eta jasota geratu dadin. Erradiografia hori egin eta egia ezagutzeko lan horretaran bi urtetan arituko da Aranzadi, dokumentazioa aztertu eta testigantzak batzen.

Hori ikerketa historikoaren bidez egingo dutela azaldu du Aranzadiko ordezkariak. Batetik, artxiboetan arakatuko dute: tokiko artxiboetan, probintzialetan, estataletan eta militarretan, besteak beste, eta Aranzadiko profesionalek egingo dute lan hori.

Lekukotzak dira ikerketaren beste lan-ildoa, eta horretan egin du indar Bucesek: "Proiektu hau ondo atera dadin, herritarren laguntza behar dugu". Testigantzak ezinbestekoak dira, eta, 1936. urtetik gaur eguna arte giza eskubideen urraketak jasan dituztenei euren esperientzia kontatzeko eskatu die. Lan horretan konfidentzialtasuna oinarrizkoa izango dela ziurtatu du, eta hala eskatzen duen edonoren anonimotasuna zorrotz errespetatuko dela. Kontatzeko eskatu du, beraz: "Orain garrantzitsuena informazioa eta herritarren testigantzak biltzea da, berandu baino lehen. Orain jasotzen ez dena ez da etorkizunean existituko".

Bilketa hori errazteko, memoriaren bulego bat zabalduko du Udalak irailean. Hilabetez egongo da martxan hasiera batean, astean egun batean edo bitan. Horrez gain, lanak iraungo duen bi urteetan martxan egongo dira helbide elektroniko bat eta telefono zenbaki bat, lekukotzak jasotzeari begira: memoria@aranzadi.eus eta 943 466 142.

Alderdi, talde eta eragileen bidez ere saiatuko da nork bere inguruan gaia astintzen. Eta zabala da horrekin ados agertu direnak, Udaleko talde guztiek babestu baitute egitasmoa: gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemosek, eta oposizioan dauden EAJk eta PSEk zein atxiki gabeko zinegotziak. Gai honetan bat egin dute guztiek.