Igo
  • 2021/04/24

1936ko Gerrako obus bat aurkitu dute Gangurenen magalean; Galdakaon hilabetean agertu den bigarrena

Ostiral arratsaldean lehergailu zahar bat aurkitu zuen gizon batek Galdakaon, Gangureneko antenak dauden lekutik gertu. Zerbitzutik kanpo zegoen udaltzain bati eman zion aurkikuntzaren berri, eta hark jarraian deitu zion Galdakaoko udaltzainburuari. Berehala jarri zen martxan protokoloa: Udaltzaingoak eta Ertzaintzak gunea itxi, eta lehergailua eztandarazteko prozedura abiatu zen.


1936ko Gerrako lehergailua da orain lurrazpitik agerian geratu dena; obus bat. 19:00ak aldera lehertarazi zuten Ertzaintzaren artezilariek, modu kontrolatuan. Aurrez, lekualdatu egin zuten lehergailua, gune seguruago batean zartarazi eta kalterik ez eragiteko. Gangurenen magalean, oinez zein bizikletaz oso erabilia den ibilbide baten ondoan aurkitu zuen gizonak gailua 17:00ak aldera. Udaltzainek eta ertzainek Gangureneko tontorra eta inguruko bidexka guztiak itxi zituzten, artezilariek obusa lekuz aldatu zuten, eta eztandarazi egin zuten.


Hilabetean Galdakaon aurkitu duten antzeko bigarren lehergailua da atzokoa. Atzo hilabete, martxoaren 23an, aurkitu zuten aurrekoa Ibaizabal bideratzeko lanean ari diren langileek Zuhatzun, Mercadillo zubitik oso gertu.


Udalerrian 1936ko Gerrako lehergailuak aurkitzea ez dela kasualitatea ohartarazi zuen orduan Iņigo Hernando Galdakaoko alkateak: Bilborako bidean, handik oso gertu dago Galdakao, eta hiriburua erasotu ahal izateko gune estrategikoa zen. Gerra hartan Galdakao 28 aldiz bonbardatu zutela gogoratu zuen alkateak, eta eraso haietan 40 bat pertsona hil zirela, tartean 33 galdakoztar.


Airez jaurtitako bonbekin ez ezik, lurretik, artileria bidez ere eraso ugari jasan zituen Galdakaok. Duela hilabete aurkitutako obusa artileriakoa zela baieztatu zuen Ertzaintzak, eta atzo aurkitutakoa ere lurreko erasoen bidez jaurtitako bonba dela azaldu du.