Igo
  • 2021/03/04

164 galdakoztarrek jo zuten iaz Udalak emakumeentzako duen arreta psikologikorako zerbitzura; gizarte parekidearen premiaz ohartarazi du Udalak

Galdakaoko Udalak emakumeentzako duen arreta psikologikorako zerbitzuaren erabiltzaile kopuruak gora egin du: 164 galdakoztar artatu zituen iaz, aurreko urtean baino 14 emakume gehiago. Egoera kezkagarria erakusten du zerbitzuaren arrakastak, lan horretan aritzen den Karmele Zabala psikologoaren hitzetan: "Emakumeentzako arreta psikologikorakoa bezalako zerbitzuak inoiz baino beharrezkoagoak dira, oraindik ere generoak emakumezkoei ezartzen dizkigun desberdinatasunak orekatzeko eta hori argi eta garbi geratzen da gure zerbitzuak duen arrakasta eta eskaerarekin".


Zerbitzuaren 2020ko memoria aurkeztu du Zabalak gaur, Idoia Martinez Udaleko Gizarte Ekintza Alorreko buruarekin eta Mari Paz Losada alorreko zinegotziarekin egindako agerraldian.


Herrian errotuta dagoen eta ibilbide luzea duen udal zerbitzuaren nolakotasuna azaldu du Martinezek: "Zerbitzuak banakako arreta psikologikoa eskaintzen du, genero ikuspegiarekin. Galdakaon erroldatuta dauden eta laguntza psikologiko espezializatua behar duten emakume helduei zuzenduta dago, eremu psikosozialetik eratorritako bizi egoera kaltegarriak gainditzeko, arreta berezia jarriz genero indarkeriako eta familia barruko indarkeria kasuetan. Faktore anitzeko arazo psikologikoak eta bizimodu normalizatua eta kalitatezkoa egiteko zailtasunak dituzten emakumeei zuzendutako baliabidea da, eta genero aldagaiak pisu espezifikoa du arazo horien sorreran".


Azken urteetan gora egin du zerbitzuaren eskaerak, Martinezen esanetan hainbat faktoregatik: "Duela urte batzuetatik hona, alde batetik, egoera sozioekonomiko konplexu bat bizi dugu, krisi ekonomiko global baten ondorioz, langabeziak gora egin duelako, pobrezia zifrek gora egin dutelako eta lan arloko ziurgabetasunek gora egin dutelako; eta, bestetik, gizarte egoera aldakorra da, familia eredu berriak sortu direlako, familia barruko harreman ereduak aldatu direlako, bazterkeria areagotu delako eta desberdintasunak handitu direlako. Horrek eragin zuzena du herritarren osasun mentalean. Asaldurak eta nahasmenduak agertzen dira eta horrek pertsonen errendimendua eta trebetasunak murrizten dituzte. Euren bizi kalitatea urritzen dute eta arriskuan jartzen dute euren ongizatea eta gertukoena. Emakumeen kasuan, seme-alaben, adinekoen eta mendekotasunen bat duten pertsonen, gaixo mental kronikoen eta ingurukoen ongizate orokorraren zaintzaile izatea ezartzen die generoak askotan, eta, ondorioz, asebetetze emozional eta psikologiko gabeziako egoerak sortzen dira. Desberdintasun hori oinarri hartuta, zerbitzuak emakumeen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea du helburu, eta, horretarako, arreta zuzena jarriko du asebetetze emozional eta psikologikoko egoeren prebentzioan, sentsibilizazioan, lanketan, tratamenduan eta kalteen minimizazioan".


Zerbitzua emateaz arduratzen den Karmele Zabala psikologoak datuen bidez erakutsi du egoeraren larria:


164 emakumeen premiei erantzuna eman diogu iaz (2019an baino 14 gehiago)


✅ Urtean zehar, bataz beste 104 kasu egon dira irekita aldi berean.


✅ Itxaron zerrenda 5 astekoa izan zen urte hasieran, baina gehituz joan dira premiak, eta urtean zehar luzatzen joan da itxaronaldia, 6-7 astekoa izatera arte.


Beste zerbitzuekiko koordinazioak ugariak dira, gero eta elkarlan handiagokoak bai udal zerbitzuekin (lege aholkularitza, familia bitartekaritza, gizarte langileak.) eta bai kanpoko zerbitzuekin (osasun mentala, osasun zentroa, Ertzaintza, Udaltzaingoa, Justizia zerbitzuak.)


Profila: oso anitza da; kasuistika oso zabala.


- Bataz besteko adina: 47 urte


- Adin tartea: 18 eta 92 urte


- Erdia ezkondua dago


- %76k seme-alabak ditu


- %47k etxetik kanpo lan egiten du; gehienek, lanbide faminizatuetan (zaintzan edota 3. sektorean)


- %98ak etxekolanen zama nagusia beregain dutela onartzen dute, eta zaintza lanetaz arduratzen direla.


- %23 langabezian daude (aurreko urtean baino %5 gehiago)


- %17 atzerritik etorri dira (%5 gehiago); guztira, 28 emakume. Horiek, 13 jatorri desberdinetatik datoz, erdia Latinoamerikatik. Eta 28 emakume horietatik 22k indarkeria matxista jasan dute


Emakumeen aurkako indarkeriak ere zenbaki kezkagarriak utzi ditu:


- Indarkeria matxista jasan duten 57 emakumeri eman zaie arreta (2019an baino 9 gehiago). Era eta maila guztietako indarkeria izan da.


- 10 kasutan jarri dute salaketa (aurreko urtean baino 2 gutxiagotan), eta 9 kasutan urruntze agindua ezarri dute auzitegiek, indarkeria matxistagatik.


- Beste 6 urruntze agindu izan dira etxeko indarkeriagatik (beraz, indarkeria matxistagatikoa gehituta, guztira 15 urruntze agindu)


- Genero indarkeriagatik asilo politikoa eskatu duten 4 pertsona tratatu ditu Udal zerbitzuak (Egipto, Maroko eta Brasildik etorriak)


- Gizakien trata kasu batean babestuta dagoen lekuko bat ere izan dugu


- Suizidio saiakerek ere gora egin dute:


- 9 suizidio saiakera izan dira (2019an baino 1 gehiago)


- Zerbitzura hurbildu diren emakumeen %20k onartu dute suizidio pentsamenduak izan dituztela urte horretan


Ustekabeko krisialdi egoerek ere gora egin dute, nabarmen:


- Profesionalen interbentzio zuzena eskatu duten 48 krisialdi egoera izan dira (aurreko urtean baino 30 gehiago). Ustekabean gertatzen diren eta bere izaera edo larritasunagatik berehalako erantzuna behar duten egoerak dira. Arrazoi nagusia, emozionalki gainezka egitea izan da.


Zergatiak: Zerbitzura laguntza eske joan dutenetatik 57k indarkeria matxistarekin lotutako arrazoiengatik egin dute, 23k kanpoko eragile batek sortutako desorekagatik, 21ek familia arazo larriengatik, 17k bikote arazoengatik, 19k antsietate nahasmenduengatik, 15ek depresio edo antzekoengatik, 15ek dolu konplikatuek eraginda, 4k sexu erasoen ondorioz eta 3k trauma ondoko estresaren sindromea izateagatik. Edozein kasutan, laguntza eskatzera eraman dituzten egoera horiek azken bultzada bat besterik ez direla izan dio psikologoak; aurrez oso beteta zegoen zakuak gainezka egitearen arrazoia direla horiek, baina ez egoeraren zergati bakarra.


Estres psikosoziala eta emozionala sortzen duten eragileen artean daude langabezia, arazo ekonomikoak, gaixo kronikoen zaintza, bikotekidearen edo norberaren gaixotasunak zein drogomenpekotasunak, seme-alabak kudeatzeko zailtasunak eta bakardadea, besteak beste


Mahai gaineratutako egoerek eta emandako datuek hausnarketa egiteko premia erakusten dutela adierazi du Mari Paz Losadak. Gobernu taldearen izenean balioan jarri du emakumeentzako arreta psikologikoko zerbitzuaren lana, eta oraindik ere diskriminazio positiboko politika instituzional baten barruan erabat beharrezkoak direla adierazi du: "Oraindik ere emakumeek jasaten duten desberdintasunari eta desberdintasun horrek osasun mentalean eta emozionalean dituen ondorio negatiboak arintzeari begirako lan handia egin behar da".


Hortaz, erakunde publikoek errealitateari begiratu bat eman, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak gainditzeko konpromiso politikoak hartu, eta horri begirako baliabideak ezarri behar dituztela azaldu du; "azken batean, genero ikuspegia alor guztiak barnebilduko dituen zeharkako lan tresna gisa txertatzeaz ari gara".


Udal gobernuak horretarako konpromisoa hartua duela azaldu du, eta herritarrei ere bide horretan indar egin dezaten dei egin die: " herritarrak animatu nahi ditut jorratu dugun egoeraz jabetzera eta berdintasunezko beste gizarte mota baterantz urratsak egitera; guztion arteko elkarlanak ekarriko du egoera hobetzea".