Igo
  • 2021/04/30

13 milioiko aurrekontu aldaketa, 13 lanpostu egonkortzea eta RCD planta Gorozibain jartzearen aurkako Adierazpena onartu ditu udalbatzak, besteak beste

Pisuzko hainbat erabaki hartu ditu udalbatzak apirileko osoko bilkuran. Hona hemen atzo, osteguna, saioan hartu ziren erabaki nagusiak:

Aurrekontuak 13 milioi euroan handitzea.

Udal gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemoseko ordezkariek gogotsu defendatu zuten moldaketa, barnebiltzen dituen proiektuak herritarren ongizatean aurrera egiteko beharrezko direla argudiatuta. (Aldaketari buruzko informazioa: https://www.galdakao.eus/gehiago/13-milioi-euroko-aurrekontu-aldaketarekin-galdakoztarren-ongizateari-bultzada-emateko-asmoa-du-gobernuak/1001936/3222)

Oposizioak zalantzan jarri zuen udal gobernuak horrenbeste lan horren denbora gutxian egiteko gaitasuna izango duenik, eta EAJk diru gehiegi gastatzea leporatu zion udal gobernuari. Hortaz, erabateko aurkakotasuna adierazi zioten egitasmoari jeltzaleek, eta PSE-Eek "konfiantzazko botoa" eman zion gobernuaren proposamenari, proiektuak onak direla argudiatuta.

Gobernua osatzen duten 11 ordezkariren aldeko botoekin, EAJko 5 ordezkariren kontrakotasunarekin eta PSE-Eeko bi ordezkarien eta atxiki gabeko zinegotziaren abstentzioekin onartu zen aldaketa.

13 lanpostu egonkortzea.

Lanpostuak egonkortzeko bidean, beste pauso bat eman du Udalak, askoz gehiago eman behar direla baina horiek banan bana egin behar direla aitortuta: aldi baterako programen bidezkoak diren 13 postu egiturako lanportu bihurtuko dira.

Aho batez onartu zen udal gobernuaren proposamena.

Erabili gabe dauden lurpeko aparkalekuak erabili daitezen, lehen pausoa.

Lurpeko bost parking ditu Galdakaok: Laminarretakoa, Berezikoetxekoa, Lapurdikoa, Paopakoa eta Iturrondokoa. 40 urterako kontzesio bidez esleitzen dira, baina asko hutsik daude, nolakotasun horregatik. Hutsik dauden aparkaleku horiek herritarrek erabil ditzaten, sistema aldatzeko asmoa du udal gobernuak eta bide horretan beharrezko tramitazioak egiten ari da. Hartarako, Lapurdiko, Paopako eta Iturrondoko  aparkalekuen jabari publikoa jaregi da.

Gaiak ez zuen eztabaidarik eragin osoko bilkuran, eta Udala osatzen duten talde politiko guztien aldeko botoarekin eta atxiki gabeko zinegotziaren abstentzioarekin onartu zen gobernuaren proposamena.

Hiri garbiketarako zerbitzua handitzea.

Hiri garbiketaren lanak eta eremuak handituz joan dira, eta beraz, lan horiek egiten dituen enpresaren kontratua ere zabaldu egin da. Urtean ia 300.000 euroan garestituko da lanak handitzea.

Proposamenak ez zuen eztabaidarik eragin eta aho batez onartu zen.

Haurren Hiria Sarera atxikitzea.

Hitz politak besterik ez zituen jaso proposamenak eta aho batez onartu zen. "Mundua haur baten altueratik ikusten dugunean ez dugu inor begien bistatik galtzen". Esaldi horrek laburbiltzen du egitasmoaren zentzu integratzaile eta parte hartzailea. (Gaiari buruzko informazioa: https://www.galdakao.eus/gehiago/haurren-hirien-sarera-batuko-da-galdakaoko-udala-herria-denen-neurrira-egokitu-dadin/1001939/28538)

Aho batez onartu zen sareko kide egitea.

Kartelak eta pankartak baimendutako lekuetatik kanpo ez jartzeko ordenantza betetzea eskatzeko mozioa.

PSE-EEk aurkeztutako mozioak eztabaida eragin zuen. Oposizioak ordenantza ez betetzea leporatu zion udal gobernuari, eta gobernuko taldeek betetzen dela defendatu zuten. Ordenantza bera aldatu beharra mahai gaineratu zen, zaharkituta dagoelakoan.

Mozioa aurkeztu zuen PSEko bi ordezkarien baiezkoa ez ezik, oposizioko gainontzeko ordezkariena eta Auzoak taldekoena jaso zuen mozioak. EH Bilduko, Usansolo Herriako eta Podemoseko ordezkariek abstentzioa bozkatu zuten. Hortaz, aldeko 11 botorekin eta 8 abstentziorekin onartu zen. (Atxikita doa mozioa bera).

Gorozibain RCD planta jartzearen aurkako Adierazpena.

Eztabaidarik ez zuen eragin azkenaldian liskar iturri den auziak eta ia aho batez onartu zen. Atxiki gabeko zinegotzia izan zen babestu ez zuen bakarra, ez duela "zirko honetan" parte hartu nahi argudiatuta.

EAJ, EH Bildu, Auzoak, PSE-EE, Usansolo Herria eta Podemoseko ordezkarien aldeko 19 botorekin eta atxiki gabeko zinegotziaren abstentzioarekin onartu zen Adierazpena. (Atxikita doa Adierazpena)

Gorozibai RCD aurkako adierazpen instituzionala eta kartelen mozioa