Igo
  • 2021/04/23

13 milioi euroko aurrekontu aldaketarekin galdakoztarren ongizateari bultzada emateko asmoa du gobernuak

Herritarren ongizateari begira, hainbat proiektu estrategiko ditu prestatuta udal gobernu honek: mugikortasuna errazteko hirigintza proiektuak, herriko ondarea eta baliabideak erabilgarri jartzeko egitasmoak, eta teknologia zein kirol azpiegiturak guztien eskura ipintzeari begirakoak, besteak beste. Prestaketa lanak aurreratuta eta plangintzak eginda ditu gobernuak, beti ere helburu berarekin: herritarren bizimodua hobetzea. Urte luzeetan iragarrita baina gauzatu gabe geratu diren proiektuen ondorioz, erabili gabe geratu den diruarekin itsulapikoa betez joan da urtero. Orain, baliabideak kudeatzeko ardura hartuta, herritarren bizi kalitatea hobetzea helburu, proiektuak gauzatzeko lanean ari da gobernu hau. 13 milioi euroko aurrekontu aldaketa egingo du horretarako.

Udal Gobernu hau 2019an heldu zen alkatetzara eta ordutik, atzeratuta zeuden hainbat gai kudeatu behar izan ditu. Pare bat adibide aipatu ditu Iņigo Hernando alkateak hedabideen aurrean egin duen agerraldian: Udalak 2015 urtetik kobratu gabe zituen gainbalioen ondorioz, 600.000 euro galtzear zen. Kobraketa horiek iraungi ez zitezen pertsona bat lan horretara espresuki jarri zuen udal gobernu honek, eta dirutza hori berreskuratzea lortu da.

Ibaia bideratzeko lanak jarri ditu beste adibidetzat: "Ibaizabal bideratzeko lanek aurrera egin zezaten hainbat lursail eta oruberen desjabetzeak kudeatu, eta akordioak egin genituen". Horregatik hasi ahal izan dira bideratze lanak eta hainbat urtetan ahanzturan egon den beste eginbehar bat gauzatu ahal izan da.

Azken finean, hainbat lan gauzatzeaz gain, beharrak antolatu eta aurrera egiteko oinarriak jartzen aritu da Udal hau.

"Bidetik, Covid-19ari aurre egiteko egokitu behar izan dugu udal egitura osoa, une bakoitzean herritarrek zituzten premia nagusiak lehenetsiz. Ez da erraza izaten ari, baina lanean jarraituko dugu etenik barik", ziurtatu du alkateak.

Orain, legegintzaldiaren lehen bi urteak betetzear direla, "herriaren ongizateari bultzada handi bat emateko unea" heldu dela dio Hernandok. "Galdakaoko Udala hamarkadetan zehar dirua pilatzen egon da diruzaintza gerakinean. Gerakin hau aurrekontuetan aurreikusitako baina ez exekutatutako partidei dagokiona da". Hau da, hainbat eta hainbat proiektuetarako dirua jarri jarri da, baina inoiz ez dira egikaritu. Galdakoztarrek beraien zerga eta tasei esker eratutako aurrekontuekin, baina beraien beharrak asetzeko errealitate bihurtu ez diren proiektuekin osaturik dago gerakina.

Eta aldaketa iragarri du alkateak: "Galdakoztarrek urteetan zehar egindako esfortzua kalean islatzea erabaki du Udal Gobernu honek eta horretarako apirileko osoko bilkuran 13 milioi euroko aurrekontu aldaketa egitea proposatu du. Bada garaia urtetan zehar itsulapikoan geratu den herritarren dirua proiektuetan gauzatu dadin. Horretan egon gara lanean burubelarri azken hilabeteotan".

Hartara, proiektu zehatzetan lanean ari da Udala, eta besteak beste honako egitasmoak egikaritzeko egingo du aurrekontu aldaketa:

Ondarea

Udalak ondasunak erosteko apustua egin du, bai eraikinak, bai lurrak, herriarenak bihurtu eta gizarte zerbitzuetara bideratzeko, ondare kulturalerako edota kirol-ekipamenduetarako. Herriaren ondasuna herritarren esku jartzea da helburua. Hauek dira alor honetako inbertsio nagusiak:

- Etxebizitzak erosteko: 246.000 euro

- Udal lokalak egokitzeko: 200.000 euro

- Egiako eskola ondoko lurrak erosteko: 42.000 euro

- Lurra Olabarrin: 27.000 euro

- Elexalden baserria eta lurra: 240.000 euro

- Ekipamendurako lurra Elexalden: 112.500 euro

Hirigintza

Proiektu estrategikoei erantzuna emango dioten lanak izango dira. Herritarren ongizatea hobetzeko asmoz, mugikortasuna erraztuko duten lanak egikarituko dira: Tximelarreko igogailua, Aperribaiko 1 igogailua, Pontzi Zabalako aldapa mekanikoen lehen fasea, Olabarri eta Aperribaiko pasabideen konponketa.

Era berean, markesinarik ez dagoen autobus geltokietan Udalak berak jarriko ditu markesinak. Kale eta gune ezberdinak asfaltatzeko eta konpontze lanak egiteko diru partida ere jarriko da.

Bestetik, Elexaldeko igerilekuko tabernako proiektua eginda dago, eta orain jarriko da lanak egiteko dirua. Berezikoetxeko umeen parkea estali egingo da. Honakoak dira proiektu adierazgarrienak:

- N-634 errepidean biribilgunea egiteko lanak: 1.264.184 euro

- Elexaldeko igerilekuko taberna: 1.000.000 euro

- Tximelarreko igogailua: 688.000 euro

- Pontzi Zabalako arrapala mekanikoa, 1. fasea: 1.250.000 euro

- Berezikoetxeko parkeko estalkia: 483.000 euro

- Asfaltatzea eta zolaketa hirigune eta baserri guneetan: 1.463.000 euro

- Aperribaiko 1. igogailua: 831.000 euro

- Aperribaiko igarobidea konpontzea: 740.000 euro

- Olabarriko igarobidea konpontzea: 380.000 euro

- Etxebizitza dotazionalak: 248.000 euro

- Markesinak: 50.000 euro

- ESAN handitzeko, ondoko lokala egokitzea: 250.000 euro

Informatika

Egungo egoerak argi utzi digu zein garrantzitsua den udal aministrazioa prest eta eguneratuta egotea, eta zentzu horretan handiak dira Galdakaoko Udalak dituen gabeziak. 371.600 euro jarriko dira informatika arloko hainbat arlo indartzeko. Adibidez, informazioa modu argi eta ulergarriagoan eskaintzeko eta herritarrei tramitazioan laguntzeko helburuz berritu egin nahi da Udalaren webgunea, eta 35.000 euro gorde dira horretarako.

Kultura

Aspaldiko hainbat eginbeharri helduko zaie. Torrezabal kultur etxeak, esaterako, ekipamendua hobetzeko premia du eta 24.000 euro bideratuko dira horretara. Arte eszenikoen sustapenerako, bestetik, 36.000 euro erabiliko dira.

Enplegu plana

Beste 800.000 euro gehituko zaizkie jada aurrekontuan enplegu planerako zeuden 1.030.000 euroei.

Kirola

Kirola guztien eskura egon dadin eta aire libreaz gozatzeko aukera herritarren artean zabaldu dadin, hainbat neurri hartuko dira, besteak beste:

- Kirola aire librean egiteko kalistenia parkea: 48.000 euro

- Bizikletak konpontzeko kale-tailerra: 15.000 euro

- Ganguren Mendi Taldearekin hitzarmena, Upomendi inguruko bideak seinalizatzeko: 46.250 euro

- Kirol ekipamenduak: 50.000 euro

Alor horiez gain, Gazteriara, Berdintasunera, Giza Baliabideetara eta barne kudeaketara ere bideratuko da moldaketaren bidez handitutako aurrekontua. 13 milioi euroko aldaketarekin Udal Gobernuak apostu sendoa egiten du Galdakaoko ongizatea hobetzeari begira. Herritarren urteetako ekarpenak beraien egunerokotasuna hobetzeko erabiliko dira; hobekuntzak errealitate bihurtzeko. Udala zorretan zegoen herritarrekin, eta norabide horretan lan egiten jarraituko dugu.

Datorren ostegunean, apirilak 29, egingo den osoko bilkuran onartuko da moldaketa.