Igo
  • 2020/10/20

115 proposamenen artean bozkatu ahalko dute galdakoztarrek gaurtik astelehena arte

373 ekarpen jaso ditu udalak aurrekontu parte hartzaileetarako, eta, berdinak ziren proposamenak bateratu ondoren eta teknikoki egiangarriak diren aztertu ondoren, 115 proposamenetan batu ditu herritarren iruzkinak, talde dinamizatzailearen laguntzarekin. Iradokizun horien artean aukeratzeko unea da orain: herritarrek euren botoa emanda erabakiko dute proiektu horietako zeintzuk gauzatuko diren, udal aurrekontuetatik milioi bat euro zertara bideratuko diren. Galdakaoko udalerrian erroldatutako herritar bakoitzak bost proposamenen aldeko botoa eman ahalko du.


Jasotako proposamenei dagokienez, herriko hainbat gunetan jarritako hautetsontzietan jaso dira ekarpen gehienak: 218 (%58,44). Online 120 proposamen batu dira (%32,17) eta beste 35 proiektu iaz herritarrek egindako eskaeretatik berreskuratu dira. Bozetara eraman ziren 92 proposamenetatik 6 aukeratu ziren orduan, eta orain, COVID-ak eragindako egoerara egokitzen diren orduko eskakizun haiek ere botaketara gehitu dira.


373 ekarpen horietatik errepikatuta zeudenak batu, proposamen egileak Galdakaon erroldatuta daudela ziurtatu eta bakoitzaren eskaera bakarra onartzen dela egiaztatu ondoren, 199 igaro ziren azterketa teknikora. Azpimarragarria da emakume eta gizonezkoen artean lortutako parekidetasuna. Proposamen horietatik %51,25 emakumeek eginak dira, eta 48,75 gizonezkoek. Hizkuntzak, aldiz, datu kezkagarriak utzi ditu: ekarpen guztietatik %20,6 soilik aurkeztu dira euskaraz; %79,4, gazteleraz.


Ekarpen gehienak Kurtzea ingurutik eginak izan dira (62); Usansolotik heldu dira 31, eta Urretatik 28. Bengoetxen 15 proposamen egin dira, Aperribain 14, Zabalean 11, Gorosibain 9, Bekean 8, Elexalden 6, Olabarrietan 5, Tximelarren 4, Zuhatzun eta Zuhatzaurren bina, eta Labeagan eta Gumuzion bana.


199ko zerrenda horretatik teknikoki gauzagarriak ez diren proposamenak alboratu ondoren, 115 geratu dira egingarri gisa. Orain, horien artetik aukeratu beharko da. Botaketara igaro diren proposamen gehienak (44) obrak eta zerbitzuak alorrei dagozkienak dira; kirol proposamenak 21 dira, jasangarritasunari lotutakoak 19, hirigintzari dagozkionak 11, mugikortasunerakoak 7, kulturari lotutakoak 5, 4 hezkuntza alorrekoak, eta bina berdintasunari eta gazteriari dagozkienak.


Beste 84k ez dute azterketa teknikoaren galbahea gainditu. Arrazoi nagusia proiektu bakoitzerako ezarritako 200.000 euroko muga gainditzea izan da, eta beste batzuetan udalaren eskumena gainditzea.


Galbahe guztiak igaro dituzten 115 proposamenen artean aukeratzeko epea zabalik dago astelehena arte (urriak 26). Udaletxean, Torrezabalen, Urreta kiroldegian, Aperribai liburutegian, Txapelenan eta Bengoetxe auzo elkartearen zein BITSI auzo elkartearen egoitzetan jarritako hautetsontzietan eman daiteke botoa, edo online, udalaren webgunearen bidez (www.galdakao.eus/aurrekontu-parte-hartzaile). Galdakoztar bakoitzak bost proposamenen aldeko botoa eman ahalko du.


Emaitzen berri urriaren 29an emango da, ostegunez. Orduan jakingo da zein proposamenek jaso dituzten babes gehien, eta beraz, zeintzuk izango diren hurrengo urteko udal aurrekontuetan txertatuta, gauzatuko direnak.