Igo
  • 2021/06/28

100 enpresa txikik parte hartu dute fakturazio sistema berrira egokitzen laguntzeko Udalak antolatu duen saioan

Jarduera ekonomiko bat egiten duten guztiak orain arteko fakturazio sistema aldatzera behartuko dituen neurria hartu dute Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek. Aldaketa derrigorrezkoa izango da guztientzat, eta zalantzak dira nagusi enpresa txiki eta ertainen artean. Galdakaoko Udalak, Dendari Elkartearekin batera eta Bizkaidendaren eskutik, informazioa eman eta zalantzak argitzeko saioa eskaini die udalerriko enpresa txiki eta ertainei, eta arrakastatsua izan da eskaintza: 100 enpresek parte hartu dute jardunaldian.


Iņigo Hernando alkateak zabaldu du Torrezabaleko areto nagusian egindako saioa. Enpresa txiki eta ertainak bizitzen ari diren garai zail honen erdian ezarriko den aldaketa beste oztopo bat bezala hartu du sektore horrek, eta, ezintasun sentipen horren aurrean, aurrera egiten lagundu nahi die Udalak.


Herriko enpresa txiki eta ertainen sareak herriarentzako duen garrantzia nabarmendu, eta Udala, ahal duena laguntzeko prest dagoela adierazi du alkateak. Horretarako antolatu du, hain zuzen, atzoko hitzaldia; aldaketa ezartzeko erabakia berari ez dagokion arren, agindua Jaurlaritzak eta aldundiek eman duten arren, herriko enpresa, dendari eta ostalariek sistema digital berri hori ezarri beharko dutelako, eta Udalak ahalik eta ondoen egokitzen lagundu nahi dielako.


Bide horretan, lehen informazio saioa izan zen atzokoa; saio orokorra. Bizkaidendako ordezkari batek eman zien informazio orokorra Galdakaoko enpresari txikiei, eta Javier Ibarretxe Ekonomia Sustapenerako zinegotziak itxi zuen saioa.


Irailetik aurrera formazio saio gehiago antolatuko ditu Udalak, zehatzagoak, eta bakoitzaren berariazko beharrei erantzutera bideratuta egongo direnak.