Udalekuak
Hiri-udalekuen bitartez uda garaian aisialdirako euskarazko alternatiba eskaintzen da, hezkidetza, integrazioa eta normalizazioa bultzatuz. Apustu garbia egiten da ikastetxe, auzo, jatorri nahiz kultura ezberdinen arteko elkarbizitzaren alde; Egitasmoaren oinarrietako bat hezkuntza bera da: sormen-ekintzen garapenean eta jolasean zedarritzen dena. 3 eta 11 urte bitarteko haur-gaztetxoei zuzendutako ekimena. Urtean-urtean eskaintza ugaria eta aberatsa herriaren esku jartzen da, haur eta gaztetxoek euskaraz eta euskararekin goza dezaten.
Haur eta gazteen jardueretarako hezitzaileentzako gida (2,25Mb-pdf)
Ludotekak
Ludotekak, haur eta gazteentzako prestatutako ekipamendu soziokulturalak dira, eta ludoteka zerbitzuaren eginkizun nagusia jokoaren bidez haurraren nortasuna garatzen laguntzea da, beti ere giro euskaldun eta erakargarrian. Horretarako, haur jokoak bultzatu eta suspertu egiten ditu. Erabiltzaileei beharrezko elementu materialez gain, jokorako beharrezkoak diren laguntzak eta lagunak eskaintzen dizkie. Galdakaon HH2-LH6 adin tarteko haurrei zuzenduta daude ludotekak.
Helburuak:
- Eskola orduz kanpo euskarazko zerbitzu edo gune iraunkorrak eta egonkorrak bultzatzea.
- Eskola orduz kanpo euskararen presentzia eta erabilera sustatzea.
- Haurren harremanak euskaraz garatzea, hizkuntza ohituretan eraginez.
- Euskarazko aisigune eta bilguneak sortzea.
- Umeen garapen osoan laguntzea: maila afektiboan, kognitiboan eta psikomotorean.
- Aukera berdintasuna. elkartasuna, errespetua, integrazioa... lantzea.
- Generoen berdintasunean hezteko estrategiak lantzea.
Inskripzio orria (110Kb-pdf)
Kirola euskaraz:
Erabileraren esparruan eragiteko derrigorra da erabileraren euskarrietako bat indartzea. Derrigorra da udalerriko ume eta gazteekin lanean ari diren monitoreei hizkuntzaren kudeaketarako tresnak ematea, eta bide horretan udalerriko monitoreei formazio berezia ematen zaie, bai hizkuntza jarrera nahiz ohituretan bai hizkuntzaren kudeaketan. Hala bada, udalerriko kirol eta aisialdi taldeekin batera esku-hartze bereziak antolatu dira taldeetako monitoreei formazio teoriko-praktikoa emateko eta denboraldi hasierako lan saioetan bereziki (kirola) nahiz urtean zehar (aisialdia) ikastaro bereziak jaso ditzaten. Izan ere, profesionalen prestakuntzan urri eta urrun da euskara. Kirol askotako entrenatzaile-ikastaroetan, esaterako, euskarak ez du sarbiderik. Entrenatzaile eta monitore euskaldunik gabe zaila da kirola euskalduntzea. Are eta zailago hizkuntza ohituretan eta jarreretan inolako formaziorik ez daukatenean.
Udagoineko uzta:
Egitasmo honek udalerriko kale eta bazterretara eraman nahi du euskara, bai ahoz, bai idatziz. Are gehiago, euskararen erabilera sustatu ezeze, elikatu gura da, eta ahal den heinean, xede horien alde behar egin duten herritarrak goratu.
Euskararen Nazioarteko Eguna: Galdakaoko udalak ere urtero, abenduaren 3an antolatzen du ekintza programa, herriko zenbait herri-eragilerekin elkarlanean.
Egutegi didaktikoa: Urte batzuk dira Arloak Udal egutegia egiten duela. Urteotan asko izan dira landu diren gaiak; danak, baina, euskararen jabekuntzarekin lotu izan dira apropos.
2000koa izan zen Arloak landu eta argitaratu zuen lehenengo egutegia. Ordurik hona egutegiotako ardatz izan dira: literatura, hizkuntza jolasak, ariketak, olgetak, aho-korapiloak, errefrauak, bertsolaritza.
Egutegiotako edukiak landu eta itxuratzen parte hartu dute, besteak beste: Patxi Zubizarreta, Yolanda Arrieta, Xabi Paia, Andoni Egaña, Txelu Angoitia, Amets Arzallus, Arkaitz Estiballes, Angel Domínguez, Raul Domínguez.
Urteokaz udalerriko ondarea gizarteratu gura izan da egutegiarekin, eta ahalegin horretan egin dira azken urteotako egutegiak.
Aurrerantzean ere asmo berari eutsi gura zaio, eta ahalegin berezia egin ondare etnografikoa (eguneroko bizimodua, lanbideak, ohiturak, olgetak, urte-sasoiei lotutako ekintzak eta errituak.), lexikala (berbak, esaera zaharrak, esamoldeak.) eta etnolinguistikoa (kantak, ipuinak, bertsoak.) batu, gorde eta zabaltzeko.
Euskarazko Produktuen Katalogoa: Euskarazko Produktuen Katalogoa 1998. urtean argitaratu zen lehendabiziko aldiz. Katalogoan era askotako produktuen berri ematen da. 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako produktuak dira, eta zortzi ataletan sailkatuta daude: aldizkariak, musika, liburuak, komikiak, informatika, jostailu eta jokoak, filmak, eta gurasoentzako materiala.
Informazio gehiago: www.katalogoa.eus