Mendizalea
Lehen giza-asentamenduak aurrehistoriako sasoietan eman ziren jada Gangureneko malda inguruetan, udalerrian horren testigantza dugunaren arabera. Hain zuzen ere, badirudi zirkunstantzia honek mendiarekiko ohi ez bezalako miresmena eragin zuela galdakoztarrengan.
Mendizaletasunak herritarren artean sortzen duen erakarmenaren isla dugu Galdakaoko lagunak sarri aurki ditzakegula edozein inguru eta tontorretan, Euskadikoa zein gainontzeko penintsulakoan izan.
Besteak beste, arrazoi horiengatik, duela hamarkada asko, 1945 urtean, sortu zen Ganguren Mendi Taldea, gaur egun udalerrian bazkide gehien duen erakundea eta gure lurralde historikoan garrantzitsuenetakoa.
Horregatik guztiagatik, harro senti gaitezke kirol hau maite duten eta kontinente gehienetan Galdakaoko enbaxadari zirkunstantzial izan diren gure auzokideez, Himalaia, Andeak, Alpeak eta abarretan burutu dituzten balentriengatik. Hain zuzen ere, herritar hauek goratu dute afizio hau, euretako batzuk bizia galtzeraino iritsi direlarik.
Mendizalearen irudia altzatzen da horrenbeste pertsona, debozio, sentimendu eta abarren oroigarri, Ganguren mendia, gure ikurrari begira. Hain zuzen ere, bertan nomada batzuk, antzinako denboretan, sedentario bihurtzea erabaki zuten, gaur garen fruituaren hazia horrela erne zelarik... bere ingurunearen maitale eta defendatzaile den herria.
Itzuli aurkibidera
Mozoiloa
Txori Herri eskualdeko biztanleak goitizenez ezagunak badira ere, akerrak, zorriak, saguzaharrak..., aldi berean, galdakoztarrak ezin gintezkeen gutxiago izan. Horrexegatik, antzina-antzinatik, sasoia zehaztea zaila bada ere, gure auzokideak Mozoiloak izan dira ezizenez.
Entziklopedien arabera, tamaina txiki, buru haundi, begi beilegi eta moko gakodun hegazti harrapari honek, espezieko gainontzekoak bezala, gauez burutzen ditu bere beharrizanak asetzeko zereginak, horretarako naturak baliabide eta ezaugarri bereziz hornitu dituelarik.
Bertsio batzuen arabera, badirudi gauezko ezaugarri hori dela galdakoztarrak definitzen dituena eta gure goitizenari zirkunstantzia horrek justifikazioa ematen diona.
Beste bertsio batzuen arabera, Galdakao inguru pribilegiatua da, aldatz suabedun mendiz inguraturik. Era berean, halako animalientzat bertako landareria egokiena zen eta harrapari txiki honen ugaritasuna izan zen gure arbasoak goitizen horrekin ezagunak izateko arrazoia.
Edozein kasutan ere, irudi hori dugu ordezkari eta galdakoztar guztiek hala onartzen dute. Hain zuzen ere, horren froga dugu, Mozoiloherri hau guztientzako "habitat" hobezina egin nahirik, egunez eta... gauez ere lan egiten duten hainbat sozietate, ostalari, kultur elkarte eta abarrek identifikazio moduan aukeratu dutela.
Itzuli aurkibidera
XIV Mendeko Baserritar Armatua. Baleztari Galdakoztarra
Galdakaoko Elizate Jatorraren ezkutuak Erdi Aroko baleztari oldartsuaren irudia oroitarazten digu, gure historiaren antzinako uneak gogora ekarriz. Hain zuzen ere, lehenengo erreferentzia dokumentaletako baten, hain justu ere 1375. urtekoa, baserritar galdakoztarrak, eskualdeko herri batzuetakoekin batera, Bilboko Hiribildura batzen dira. Izan ere, horren helburua izan zen Ahaide Nagusi batzurengandik pairatzen zituzten gehiegikeriez defendatzea. Horrek irudikatzen digu XIV. eta XV. mendeen zati handi baten bizi izan zen liskar giroa.
Beharbada, Lope García de Salazar lehen historialari bizkaitarrak, inork ez bezala, islatu zuen Erdi Aroko gerra giro hura. Hain zuen ere, "Bienandanzas e Fortunas" idazlan ospetsuan agertzen dira hainbat aipamen bai gure herriari buruzkoak baita leinu nagusienenak ere. Izan ere, nahiko zehatz kontatzen du Gómez Gonzálezek eta Pedro de Abendañok Ganguren mendian 1444an izan zuten borrokaldia.
Historialariak aipatzen duenez Galdakaokoa da Bizkaiko leinuen artean zaharrenetakoa. Berori errenta, dibisa eta baserritarren jabe zen eta bertakoa Sancho de Galdácano zaldun jauna zen.
Iturrizaren ustez, pertsonai hau izan zen 1200. urte inguruan Andra Mari Eliza fundatu zuena eta, dokumenturik aipatzen ez duen arren, beste iturri berriagoetatik dakigu, 1640. urtekoak alegia, "tradizio zaharra eta ezaguna eta famatua" zela Sancho de Galdácano y Torrezabalek fundatu zuela aipatutako eliza.
Nolanahi ere, begi bistakoa da XIII. mendearen hasieran, eliz-egitura hori izan zela geroan Galdakaoko Elizatearen sorburua. Gregorio Monreal historialariak adierazten duenez, 1375ean agertzen da administraziozko bizitza duen unitate bezala.
Itzuli aurkibidera
Galdakao Lanperna
Edertasun bereziz jantzi zituen naturak gure Galdakaoko herria inguratzen duten mendiak. Gaztainondoz nahasturiko haritzek, pinu insigniek, itsasotik heltzen zitzaien usainaz batera, paisaia lasaitasunez begiratzeko gonbitea egiten zuten. Zortez bertatik ibiltzeko irrika sortarazi zigutenik izan genuenok, bere edertasunarekin batera, habitat egokia deskubritu genuen bertan perretxiko mota desberdinak sor zitezen. Euren artean, bereziki, bat ernetzen zen, Lanperna, eta dastatzen zen lekua bakarra zelako, bertako espezie bihurtu zen: Galdakaoko Lanperna edo Lanperna Galdacanesa.
Itzuli aurkibidera
Dantzaria
Dantza kontzeptu ludikoa eta aldi berean sakratu-antzekoa dugu euskal mundu tradizionalean.
Mundu zabaleko Herri eta Kultura guztiok izan dugu eta izango dugu dantzatu beharra, gizakiari estu-estuki lotuta dagoen espresio era delako. Modu berean, era batera edo bestera gizarte-mota guztien antolamendu tradizionalean rol berezia izan du Euskal Herrian Dantzaria izenez ezagutzen dugun irudiak. Izan ere, beste gauza askotaz gain, hori ere izan gara euskaldunok Europar Historian: Auñamendien magalean kantuz eta dantzaz bizi den Herria.
Dantzari Dantza "suite" bat dugu eta (gutxi asko) Europako antzinako beste kulturetan "ezpata-dantza" izeneko dantza arrunten familiakoa da. Dirudienez, gizartea babesteko antzinako erritual militarra da: kolektiboko gazte indartsuenek euren sendotasuna eta trebetasuna agertzen dituzte, horrela gudarako duten gaitasunaren erakustaldi sinbolikoa eginez.
Galdakao ere herri dantzaria izan zen sasoi batean, eta oraindik ere horretan dirau; hona hemen datu batzuk: 1910. urtean sortu zen Zuatzuko Santa Barbarako dantzari taldea. Geroago, gerra-aurrean, Usansolo eta Kurtzeko batzokietan ere dantzari taldeak zeuden. Gerra ostean -nahiz eta talde iraunkorrik lortu ez- bazegoen dantzaren ziriak eragindako hara-honakoren bat orduko gazteen artean.
1955. urtean Andra Mari Eusko Dantzari Taldea sortu zen eta gaur egun ere, besteak beste, dantzak bilduz, ikertuz eta zabalduz jarraitzen du.
Dantza eta Galdakao edo Galdakao eta Dantzaren ezkontza honen betikotasuna bermatzeko horra-hor, eliza aurrean, Dantzari Dantzako Makil-jokoan ari den Dantzaria.
Itzuli aurkibidera
Hargintza
Gure Lurralde Historikoan argitaratutako lehen gida-liburuetako batean eta, zehazkiago, E. Delmas-ek 1864an egindako "Guía descriptiva del Señorío de Vizcaya" delakoan zera dio: "Sus montes, además de producirle mucho roble y castaño, están preñados de riquísimas canteras de piedras de construcción, de piedra refractaria, con la que se hacen excelentes ladrillos que tienen mucho consumo...".
Hain zuzen ere, datu hau ez da inolaz ere funtsik gabea, izan ere, 1876ko urriaren 6ko "Gacetillas"en agertutakoarekin bat baitator: "La piedra de Galdakao que es incomparable para la construcción de hornos refractarios, se exporta cada vez con más abundancia, tanto para América como para diversos países de Europa, que hacen pedidos de ella".
Hartara, araketa historikoa eginez, aurkitzen gara, batez ere, Ganguren mendian dauden are-harrizko harrobiak oso ezagunekin, antzina-antzinatik ustiatuak izan direnak. Horren lekuko dugu material hau hainbat lekutan erabili izana:
Etxebarriko S. Esteban elizaren eraikuntza 1551 urtean.
Bilboko Udaletxearen eraikuntza, 1676 urtean S. Antón elizaren muruetara atxekita ipintzekoa zena.
Bilboko gotorlekuen jasoaldia 1812 urtean...
Arrazoi hauetatik guztietatik ondoriozta dezakegunez, jarduera han oraintsura arte errekurtso-iturri oso garrantzizkoa izan da gure ekonomiarentzat, Galdakaoren izena puntu estrategikoan kokatuz, bai eraikuntzari baita berorri zuzenean loturik zeuden lanbide guztien aurrean: hargina.
Itzuli aurkibidera
Esnezalea
Antzina-antzinatik, nekazaritza izan da gure gizartearen garapenerako motore nagusia. Alde batetik, gure lurraldean finkaturik zeuden familia gehienak elikatzeko balio zuen, eta, bestetik, txanpon bezala, truke bidez, erabiltzen ziren elementu desberdinak zituen, hain zuzen ere, beste lanbideetakoak diren artikulu manufakturatuak lortu, zergak ordaindu eta abar egin ahal izateko.
Soil-soilik nekazari produkzioari bagagozkio, XIX. mende hasierako estatistikek erakusten digutenez, Galdakaon artoa ereiten zen gehienbat (ia %87/90). Aldiz, garia %5,63, indaba %3,60 eta gaztaina %2,85eko azaleran zabaltzen ziren.
Garai hartako estatistiketan ez da islaturik agertzen, eta gaur egunekoetan zoritxarrez ere ez, alderdi horretan emakumearen ekarpenak zeukan garrantzia, oraindik orain izaten jarraitzen duena. Azpimarratu behar da ekarpen hori gutxi errekonozitu bada ere, oinarrizko zutabea izan zela, funtsezkoena izan ez bada, eta oraindik ere badela gure gizartean, daukagun bizimodua sostengatu ahal izateko.
Hain zuzen ere, esnezalearen irudia emakume hauen guztien omenaldi gisa eraiki dugu, lehen sektore gogor horretan, etxeko andreari zegozkion betebeharrez gain produkzio zereginak egiten baitzituzten. Esnezalearen irudia bizimodu baten eta elkarren artean egindako ahaleginaren oroigarri bizia dugu, ahazten utzi behar ez duguna.
Itzuli aurkibidera
Burdinola
Hasiera batean burdinolek burdina eraldatzen zuten eta kontsumorako egokitzen ziharduten soil-soilik gizakiaren indarra erabiliz. Hala ere, XV mendetik hasita garrantzi haundiko berrikuntza teknikoa hedatu zen (energia hidraulikoaren erabilera). Izan ere, hasieran mendietan kokatzen baziren ere, horren ondoren erreka bazterretan eraiki izan dira.
Burdinolak herriko leinuen ordezkari ziren familien jabetzakoak edo elizateetatik kanpo zeuden pertsona gorenenak ziren. Berauek ustiategia, gutxienez, bi pertsonari ematen zieten errentan. Halakoek "parcionero" izenaz ezagunak ziren, errentamenduan zati bat zeukatelako.
Galdakaora bagatoz, adierazi behar da jadanik 1488an burdinola modura agertzen dela Urgoitian dagoena. Edozein modutan ere, XVI mende amaierarako Gumuzio, Lekue eta Usansolon daudenak ere dokumentaturik agertzen dira.
Ibaizabal erreka bazterretan jarrita daudenak (Urgoitia eta Usansolo) izan dira denboran gehien iraun dutenak. Hain zuzen ere, dirudienez, azken honek 1864an modernizazio prozesua burutu zuen produkzio lehiakorragoa lortzeko asmoz, armamentua fabrikatzeari dagokionean batik bat. Ez da ahaztu behar I. Gerra Karlistan Usansoloko burdinolak gerrako erraminta desberdinak produzitzen zituela: kainoiak, obusak, mortairuak, bonbak, granadak, balak, ...
Nolabait industrialen prototipiko moduan kalifika ditzakegun lan neketsu hauen oroigarri eta omenaldi gisa, eraikitzen da gabiaren irudia leku honetan. Hain zuzen ere, gabia jo dezakegu, gure gizartearen garapenean funtsezko elementu izan ziren burdinolen ikur tipiko eta topiko bezala.
Itzuli aurkibidera
Jose Ramón Andaren "CORTEZAS"
Lehen fasean, Udalak eskultura adierazgarriak ipini zituen, hala nola baleztaria, mozoiloa, dantzaria, hargina, esneduna, burdinola, lanperna eta mendizalea. Horien bidez, Galdakao eta bertako biztanleak historikoki eta kulturalki zer izan diren eta zer garen islatu nahi izan da.
José Ramón Anda Goikoetxearen "Cortezas" izeneko eskultura eskuraturik, Ardanza Lehendakaria Parkearen inguru horretan Galdakaoko orainaren eta geroaren ikurra den elementu artistikoa ipini nahi dugu.
Brontze urtuaz egindako irudi abstraktu honekin eskultore euskaldun honen obretako bat geureganatu nahi izan dugu. Hain zuzen ere, obra hau "pasabide" izeneko ibilbidearen barruan kokaturik dago eta bere geriza zeharkatzeko premia izatea eragin gura dio bisitariari. Izan ere, berorren bidez "harreman sozialak" berez sortzen diren inguru honetan, elkarren arteko komunikazioaren ideia bultzatu nahi da.
Zalantza barik, baiezta dezakegu Galdakaoko bihotzean gure etorkizunaren "atea" irekitzen zaigula, erakargarri, obra honetan adierazitako "cortezas" izeneko hau bezala.
"Irekidurak", Jorge Oteizarena
Jorge Oteiza artistaren (Orio, 1908 - Donostia, 2003) "Irekidurak" eskultura Ardanza Parkean jarri zen 2003ko apirilean. Horrela, udalerriko hirigunean Galdakao eta Oteizaren izena elkartu ziren, José Ramón Andaren eskultura eta Néstor Basterretxearen artelanarekin batera, ingurune bera konpartituz.
"Irekidurak" lau metroko altuerako eskultura da, altzairu "corten"ean egina. Alfa Arte S.A-ko tailerretan egin zen, Altzuzako Museo Fundazioan dauden maketetan oinarriturik, 1956 eta 1959 urte artean.
Artelan hau Orioko artistaren garai oparoenetako baten egin zen. Horrela, 1957an São Pauloko Bienaleko eskulturako lehenengo saria irabazi zuen, Brasilen, "Propósito" serie esperimentalarekin. Bolumenaren eta espazioaren artean zituen tirabira bereziak gailurrera iritsi ziren serie desberdinetan, hala nola "Desocupación de la esfera" (1957-1958) eta "Cajas vacías o Cajas Metafísicas" (1958), objektua ia guztiz desmaterializatuta geratuz, bere ustetan, espazio metafisiko eta espirituala sortu nahirik.
Itzuli aurkibidera
"Galdakaoko bizkaiari" Néstor Basterretxearena
Néstor Basterretxearen (Bermeo, 1924) "Galdakaoko bizkaiari" eskultura Ardanza Parkean jarri zen 2003ko ekainean, balio artistiko handiko espazioa osatuz. Izan ere, inguru berean Jorge Oteiza, Juan Ramón Anda eta Néstor Basterretxea bezalako artista ospetsuen obrak ditugu.
Néstor Basterretxea gure garaiko artista emankor eta osatuenetakoa bat dugu. Gaur egun, eskulturagintzan egindako lanagatik ezaguna bada ere, pinturan, arkitekturan, zinemagintzan, grabatuan, argazkigintzan, collagegintzan eta altzarien diseinuan ere lan egin du.
Argentinan denbora luzez erbesteraturik egon ondoren, itzuli zenean Jorge Oteiza eskultorearekin adiskide handia egin zen eta berarekin proiektu desberdinei ekin zien. Harrezkero, Néstor Basterretxea, Estatuko panorama artistikoaren modernitate sutsuenaren, erreibindikatzailearen eta gaurkotasunaren ordezkarietako bat bihurtu zen, Aranzazu, Equipo 57 edo Gaur bezalako proiektu garrantzitsuetan parte hartuz.
Artista hau pinturako mundutik dator, baina Galdakaon jarritakoa bezalako eskulturgintza da nazioarte mailako aitorpen ugari eman diona. Beste aipamen batzuren artean, Basterretxea lehiaketa bidez Eusko Legebiltzarreko ikurra sortzeko aukeratua izan zen, Bilera Aretoko lehendakaritzan dagoen eskultura eginez.
Itzuli aurkibidera
Gury-Bio-Landa
Santo Domingoko gainetik doan errepidearen 6 eta 7 kilometroen artean, ertz batean forma prismatikoa duen harlandu haundi bat dago, bertan inskripzio desberdinak eta bitxiak dituena.
Alde batetik, mugarri honen lau aldeetan irakur daitezke, kokalekuaz gain, puntu estrategiko horretan bat egiten duten udalerrien izenak adierazita (Galdakao, Zamudio, Etxebarri eta Bilbo).
Baina, beste alde batetik, "GURY-BIO-LANDA" hitzak antzeman daitezke, interpretatzeko zailagoak direnak. Hala ere, Antón Larrazabal jaunak egindako azterketaren arabera, eta Teófilo de Guiard Larrauri edo Lope García de Salazar jaun ospetsuen testuak kontsultatu ondoren, bi bataila gertatu ziren lekua adieraz lezakete.
Teoria honen arabera, hitz horiek GUDU-BIKO-LANDA berbetatik etor litezke, eta adieraziko lukete, alde batetik, sasoi hartan leinu nagusien buruzagien arteko lehia ospetsuak egiten ziren lekua, garai hartan Bilbo sortu aurretik: Oinaztarrak eta Ganboatarrak.
Era berean, beste alde batetik, badirudi aski frogatuta agertzen dela "Campo de la Lid" horretan burutzen zirela aipatutako liskarrak eta bertan Zamudio eta Leguizamón leinuen arteko bataila odoltsua gertatu zela. Izan ere, oinetxea mugarria dagoen muinoaren bi aldeetara zeukaten.
Itzuli aurkibidera
Orientazio Mahaiak
Mendirako zaletasunak, zalantzarik gabe, funtsezko 2 elementu ditu: gailurrak eta gizakia, beroriek gainditzeko irrikaz betea.
Galdakaon elementu biok berba bakarrean egiten dute bat: Ganguren.
Berba horrekin udalerrian bazkide kopuru handiena duen erakundea, tradizio handiko mendi-taldea izendatzen dugu. Bazkideak Galdakao izena munduko azken muturreraino eraman dute, Himalaiatik Andeetara, ahalegin horretan sarritan bizitza bera ere galduz.
ra berean, hitz honekin gizakiaren lehen aztarnak aurkitu direneko malden mendia ezagutzen dugu eta milurtez milurte gaur egungo Galdakao bihurtu da.
Bizkai eta Urreta kaleen bidegurutzean dagoen mendizalearen eskulturarekin gizakia eta lehen aipaturiko kirol-elkartea omendu nahi izan ditu udalak. Aldi berean, "orientazio-mahaiak" Ganguren mendiko maldetan jarrita, gure herriaren ingurune naturala eta inguruak erakutsi nahi zaizkie bertara hurbiltzen diren guztiei.
Itzuli aurkibidera