Ingurua

Orografia

Galdakao Bilboko eskualdean dago kokaturik, Ibaizabal beheko bailaran, Ganguren mendizerraren azpian. Erdialdean izan ezik, erliebea gorabeheratsua du. Egituraz, ifarraldean, material eozenikoz osaturiko "Bizkaiko Sinklinorioaren" barruan sarturik dago, bertan gailur hauek nabarmenduz: Arrezurriaga (329 m), Txispamendi (221 m), Santa María (476 m). Hegoaldean, lurra berriro igotzen da, Upo mendian (567 m) eta Mandoiaren maldetan (637 m) goia jotzen duelarik.

Hidrografia

Ibaizabal erreka Galdakaoko ubide garrantzitsuena dugu. Urgoitin Aretxabalagane errekako urak eta Usansolon Lekubaso errekatxokoak hartzen ditu.

Mugak

Iparraldetik, Zamudio, Lezama eta Larrabetzuko udalekin egiten du muga; hegoaldetik, Zaratamo eta Zeberioko udalekin; ekialdetik, Zornotza, Lemoa eta Bediako udalekin; eta mendebaldetik Etxebarri eta Basauriko udalekin.

Biztanleria

Galdakaok etengabeko demografi hazkundea izan du, 50-60 urteetan goreneko maila izan zuelarik. Demografi hazkunde itzel honen arrazoirik nagusiena Ibaizabal bailaran industria ugari ezarri izana da, etorkin kopuru haundia erakarri zuelarik. Hirurogeitahamarreko hamarkadaren erdi aldera izandako krisiak hedapenezko aldi honi amaiera eman zion. Biztanle hazkundearen geldialdi hau 80ko hamarkadan zehar nabarmen azaltzen da. Azkeneko bi hamarkadetan hazkundeak jarraitu egiten du, batez ere etxebizitza aldaketen prozesuaren ondorioz.


Geografi Koordenadak:

  • 43° 13' 50'' Ipar latitudea
  • 2° 50' 45'' Mendebal longitudea

Altuera:

  • 60 m.

Hedadura:

  • 31,70 Km2
Evolución de la población del municipio de Galdakao en años
Urte 1900 1920 1940 1960 1980 2000
Biz. 2.825 4.886 7.101 10.556 26.755 29.387

Galdakaoko biztanleria, Udalak berak dituen 2015eko datuen arabera, honela dago banaturik:

Población de Galdakao, según sexo y edad del año 2015
Adina 0-10 urte 11-20 urte 21-30 urte 31-40 urte 41-50 urte 51-60 urte 61-70 urte 71-80 urte 81-90 urte 91-100 urte 101-110 urte GUZTIRA
Gizonak 1.458 1.353 1.494 2.163 2.207 2.451 1.854 939 516 49 1 14.485
Emakum. 1.303 1.230 1.354 2.086 2.244 2.611 1.896 1.189 842 164 5 14.924
Guztira 2.761 2.583 2.848 4.249 4.451 5.062 3.750 2.128 1.358 213 6 29.409