Igo
  • 2017/02/16

Galdakaoko Samsara alkarteak 15.000 euro batu dauz Nepalen proiektu solidarioak finantzatzeko

Galdakaoko Samsara alkarteak 15.000 euro bialdu dauz Nepalera hil honetan, alkarteak berak bultzatutako proiektu solidarioak finantzatzeko (haurren erdiko belarriko operazioak, ALI proiektua etab). Diru-kopuru hau Galdakaoko alkartasunaren emaitza da, enpresen eta partikularren dohaintzakaz bildutakoa.


Proiektuak aurrera eroateko, alkarteak diseinatu dauen plagintza ondokoa da:


. 2017ko lehenengo lauhilabetean, alkarteak Galdakaoko 9 boluntario bialduko dauz Nepalera, hango proiektuetan lan egiteko (Kulayren berreraikuntza, desgaituen ikastetxea, poltsen fabrikazioa etab). Boluntario honeen bidaia aprobetxauko da, dohaintzan jaso dogun material guztia garraiatzeko (sendagaiak, material kirurgikoa, jostailuak, eskolako materiala etab). Boluntario bakotxak 30 kg. material garraiatuko dau, guztira 270 kg.


. Otsailaren 21ean, Samsara Nepalek, Disabled Service Association de Bungamati ikastetxera Heziketa Bereziko eta Lanbide-terapiako Diplomatu bat bialduko dau 5 hilerako. Ikastetxe horretan haur desgaituakaz lan egiten da eta 2016an haurren prestakuntzan gabezia batzuk antzemon ziran. Halanda ze, Samsara Nepaleko ALI Proiektuaren barruan haurron heziketa indartzeko eta hobetzeko baliabideak bideratu dira.


. Alkartea hasi da 2015ean Nepal suntsitu eban Lurrikararen Bigarren Urteurreneko jarduerak prestatzen. Apirilaren 29an, oroigarrizko jarduera ludikoak antolatuko doguz (azoka solidarioa, dantzak etab).


. Alkarteak "Una Pizarra para Gorkha" proiektua finantzatzeko kanpaina hasi dau eta horren barruan Gregori Ayarzaguena kideak 12.000 km-ko bidearen bigarren zatiari ekingo deutso, hain zuzen be, Sarturtzitik Nepalera artekoa. Martiaren 31n, Ankara eta Gorkha artean dagoan 6.000 km-ko bidea hasiko dau. Izan be, proiektu honegaz, ikastetxe biko material guztia finantzatuko da (ikasleen uniformeak, liburuak etab). Eskola biak Chumling eta Bihi herrixketan dagoz, urrineko parajea eta menditsua dan Gorkha Barrutian.