Igo
  • 2017/02/14

Emakumezkoen esku-pilota txapelketako finalerdiak Galdakaon jokatuko dira datorren domekan

LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP emakumezkoen esku-pilota txapelketako finalerdiak Kurtzea frontoian jokatuko dira, 11:30ean hasita. Sarrera doan izango da. Emakumezkoen esku-pilota txapelketa ofiziala Galdakaon jokatuko dan lehenengo aldia da.


"Gure herrian emakumezkoen pilota-jokoa mailarik gorenean ikusi ahal izateko aukera ona izango da, kirol honen zaletasuna oso handia dan herri honetan. Era berean, finalerdi honeek Galdakaon antolatuta, emakumezkoen kirolaren aldeko sostengua adierazo gura dogu, emakume gero eta gehiagok praktikatu eta gizonek daukiezan aukerak berberak izan dagiezan", komentau dau Koldo Goioaga Kirol arloko zinegotziak.


Iker Amarika, ekintza honen antolatzaileak azaldu dauenez, hondino zehaztu barik dago domekan Galdakaora nortzuk etorriko diren. Baina, bertan lehen mailako eta eliteko kategorietako jokalariek jardungo dabe.


Momentuz, sailkatu diran pelotariak lehen kategoriakoak dira:


Amaiur Holgado-Paula Iturbide


Nagore Bilbao-Jaione Zulaika


Alba Martínez-Arrate Bergara


Nagore Aramendi-Maider Mendizabal


Eliteko finalerdiak Iruñeko Labrit frontoian erabagiko dira, datorren barikuan, bertan final-laurenak jokatuko dira eta.


Daniela Vargas pelotari mexikarra Galdakaoko aurkezpen honetara hurreratu da. Euskadin debuta egingo dau eta txapelketan gorenera heltzeko helburua dauka. Vargas berenberegi etorri da torneo honetan lehiatzeko. Izan be, emakumeentzat, mundu mailan eta ofizialki, antolatzen dan lehenengo torneoa da.