Igo
  • 2017/07/18

Armeniako talde bat eta Uruguaiko beste bat, Andra Mari eta Oinarin dantza taldeakaz batera Folklore Bizian Jaialdian, uztailaren 19tik 21era

Armeniako "Bardiner" folklore-taldea eta Uruguaiko "Canalones danza independiente" taldea dantzan arituko dira uztailaren 19an, 20an eta 21ean, Andra Mari eta Oinarin herriko taldeakaz batera, Folklore Bizian Jaialdiaren edizio barri honetan, Galdakaoko udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.


Ibon Uribe Galdakaoko alkateak, eta Ainhoa Agirregoikoa Kultura arloko zinegotziak harrera egin deutsie gaur udaletxean parte hartuko daben taldeen ordezkariei, lehen-lehenik Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak egindako lana eskertuz, holango Jaialdi garrantzitsua urte honeetan guztietan egindako lanagaz posible egin dabelako. Kepa Ajuria taldeko presidenteak berba honeek eskertu dauz eta azpimarratu dau hau alkarlanean egindako lanaren emaitza dala, Udalak emondako laguntza ezinbestekoa izanik.


Armeniako "Bardiner" folklore-taldea "aberriarenganako fede handia erakusten dauen balleta egiten dau, espektakulu beroa eta aparteko koreografia darabilena". Dantzariak harro sentitzen dira, euren datzak sutsuak, kementsuak, bizkorrak, akrobatikoak eta indartsuak dira eta jauziak, gurpilak edo piramideak egiten dabez. Emakume dantzariak ondraduak eta gizonezkoek errespetatuak dira, pausu arinetan dantzatzen dabe, lotsor, segurtasun zintzoagaz. Pentsatuarazo gura deuskue euren herrialdeko laku eta erreka izoztutetatik irristan dabilzela. Eskuen mugimenduak funtsezkoak dira, hatzamarren mugimendu bakotxak esangura zehatza dauka.


Orkestrak herrialde horretako instrumentu oso antxinakoak eta bereziak joten dauz, batzuk arabiar tankerakoak eta beste batzuk, harrigarria izan arren, Bretainiako bonbarden antza daukienak. Gizonezkoek gerrarien jantziak daroez, martzialak, kartutxerakaz sendotuta; emakumezkoenak, barriz, bordatuta eta setazkoak dira, nobleziako itxura emoten deutsien jantziak.


Beste alde batetik, Uruguaiko "Canalones danza independiente" taldea hogeita bost artistek osatzen dabe, dantzariak, kantariak eta musikariak. Urteen podazuz ospe handia hartu dabe euren herrialdean, kultur adierazpen nagusienetan parte hartuz, telebistan azalduz eta hainbat herrialde desbardinetara joanez, Brasil, Argentina eta Paraguai, askotan Europara be bai.


Hego Amerikako tradizioko doinu ezagunak dantzatu eta kantatzen dabez, beste batzuk, euren herrialdekoak, bereziagoak dira, espainiar eragin handia daukienak; era berean, zurien, baltzen eta indiarren nahasketatik sortutako doinuak be interpretatzen dabez. Ondorioz, euren programak jatorri oso desbardinak daukaz.


Uztailak 19 eta 20, 20:30ean (lekua zehaztu barik, Kurtzea edo Kurtzeko plaza):


Armeniako "Bardiner" folklore-taldea eta Uruguaiko "Canalones danza independiente" taldea, Andra Mari Dantza Taldeagaz batera (Euskal Herria).


Uztailak 21, Unkinako kiroldegian, 20:30ean:


Armeniako "Bardiner" folklore-taldea eta Uruguaiko "Canalones danza independiente" taldea, Oinarin Dantza Taldeagaz batera (Euskal Herria).


Egun horrexetan, dantza-saioen aurretik, konbidatutako taldeek herriko kaleetatik ibiliko dira, Folklore Bizian Jaialdiaren edizio barriari kolorea eta giroa sortzeko.