Igo
  • 2017/02/14

Abian da Nerbioi-ibaizabal eskualdeko gazteriaren azterketa-diagnostikoa

Abian da Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko gazteriari buruzko azterketa-diagnostikoa, baita Udal Gaztedi proiektuari dagokion beka-programa ere. Urriaren 6an, udal hauek proiektu hori sinatu zuten Bizkaiko Foru Aldundiarekin: Arakaldo, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Urduņa, Orozko, Ugao, Zaratamo eta Zeberio. Proiektuaren helburua eskualdeko gazteen enplegu politikak garatu, sustatu eta ezartzea da.


Arrigorriagako Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin da aurkezpena, eta bertan izan dira ekitaldiko buru den Asier Albizua udal koordinatzaileko alkate gisa; Maitane Leizaola, Bizkaiko Gazteria Behatokiko zuzendaria; Amagoia Garaizabal tokiko teknikaria; eta parte hartuko duten beste bederatzi udalerrietako ordezkariak. Adierazi dute oso garrantzitsua dela eskualdeko gazteen kolektiboa ondo ezagutzea, bai eta lan-merkatuan sartzeko aukerak eskaintzea ere.


Aurrekontua 107.000 eurokoa da; horren % 70 (74.900 euro) Aldundiak ordainduko du, eta gainerako % 30 (32.100 euro) parte hartuko duten udalek ordainduko dute. Proiektuaren helburua eskualdeko gazteriaren (55.000) diagnostikoa egitea da. Hala, 15 eta 29 urte bitarteko  biztanleriaren (13.000 gazte inguru) errealitateari buruzko ezagutza handitu nahi da, beraien benetako egoeran oinarrituz gazteei zuzendutako politikak diseinatu ahal izateko.


Azterlana egiteko, eskualdeko gazteen ezaugarri, interes eta eskaeren informazio kuantitatibo eta kualitatiboa bilduko da, eta, gainera, mota guztietako datuak jasoko dira, geroago politikak, baliabideak eta programak diseinatzeko orientabide erabilgarriak identifikatzeko.


Lan-metodologiari dagokionez, bigarren mailako iturrietara joko da: gazteria sail desberdinetako profesionalekin elkarrizketak egingo dira, eragileei zein gazteei galde-sortak egingo zaizkie, eztabaidarako taldeak antolatuko dira, inkestak eta blog bat egingo dira eta diagnostikoa egiaztatzeko mintegi bat antolatuko da, bai eta emaitzen amaierako transferentzia ere.


Proiektuak badu beste partida bat komunikaziorako (17.327 euro) eta beste bat jarraipenerako (4.672,5 euro). Hala, beste ardatz nagusietako bat 18 eta 25 urte bitarte dituzten eta langabetuak diren gazteei zuzendutako sei bekak dira. Beka horiei esker, gazteek lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dituzte eskualdeko enpresetan, laneko lehenengo esperientzia eskuratzea erraztuko zaielarik, eta ondorioz lan-merkaturako sarbidea ere hobetu egingo da.


Beka horiekin gazteek 460 euro jasoko dituzte hilean, eta horien xede nagusietako bat da lan-lotura bat ezartzea eskualdeko gazteen eta enpresa, ETE zein saltokien artean, eskaintza eta eskariaren artean edo premia eta aukeren artean erantzunkidetasuna sortzeko. Sei hilabeteko iraupena izango du, eta dagoeneko hiru beka zehaztu dira. Gainerakoak otsailean bertan zehaztea espero da.