Zure Mannequin Challenge grabatu eta partekatu


Galdakaok eraso sexisten aurkako kanpaina berri bat bultzatu du Santakurtzetako jaien barruan, eta "Eraso sexistarik ez" lemapean, horrelako egoeren aurrean "zero tolerantziaz" jokatzeko konpromisoa berretsi du.

Oraingo honetan, "Mannequin Challenge" bat grabatzeko eskatu zaie herritarrei , hau da, pertsona guztiak geldi-geldirik manikiak balira bezala agertzen diren eszena bat.

Domekan, irailak 10, 19:30etatik aurrera, Ardantza parkean jende guztiari irekita egingo den "Mannequin Challenge" bateratuaz gain, Udaleko Berdintasun Arloak gonbita luzatu die galdakoztarrei, "manikiaren erronkari" banaka nahiz taldeka erantzun diezaioten, lagunekin edo kuadrillarekin batera, txamietan zein elkarte mailan.

Egiteko modua oso erraza da: pertsona batek beste batzuk grabatuko ditu kamera edo telefono mugikor baten laguntzaz, baino grabatutako pertsona guztiak geldi-geldirik egongo dira. Gero, grabazioa sare sozialetan partekatuko da, #GDKOErasoSexistarikEz traola edo etiketa erabiliz.
Musika sartzea gomendatzen da (autore-eskubiderik gabekoa edo baimena duena), eta parte-hartzaileek eraso sexisten salaketarekin zerikusia duen sinboloren bat erabiltzea; adibidez, herritarren artean banatu diren jaietako zapiak edo pegatinak. Horrez gain, bideoari gogoko originaltasun guztia gaineratu ahal zaio, generoaren inguruko jarrera eta erasoen aurkako errefusa irudikatzeko.

Adibide bezala, hemen dituzue ikusgai bi "Mannequin Challenge"; bata, Ibaizabal Saskibaloi Taldeko emakumezkoen senior taldeak egindakoa, eta bestea, Erabide eta Areto Dantza Taldea elkarteen artean landutakoa.



Ekimen honen bitartez, bideo guztiak sare sozialetan zabalduko dira Santakurtzetako jaiekin bat eginik, eraso sexisten errealitate gordina bistaratzeko asmoz.
Galdakaoko Udaletik, eskerrak eman nahi ditugu aurretik ekimen honetan parte hartzeagatik. Eskerrik asko!